Bilintx
Askok diote kantetan beti
Amore-kontu naizela
Nik esaten det arriturikan
Beti orrela daudela:
Zer egin biat baldiñ zerubak
Doaitu banau onela
¿Ez dute ikusten usaya mendak
Bere jatorrez dubela?
Nere biotzak amoriua
Mendak usaya bezela.
Triste bizi naiz eta
ilko banitz, obe:
Badauzkat biotzian
Zenbat atsekabe:
Dama bat mintzatzen det
Baña... aren jabe
Sekulan izateko
Esperantza gabe.
Nere biyotz gaxoa
Penatuba dago,
Ezin egon liteke
Ai! paratubago.
Pasatzen ditutala
Aspaldiyan nago
Egunak triste eta
Gabak tristiago.
Amorez erituba
Zenbait denbora ontan
Gaurik ez det pasatzen
Soseguzko lotan:
Penaren kargarekin
Urtuta, frankotan
Kanpora irteten zait
Biyotza malkotan.
Auxen da miña laister
Ill bear naubena
Kupitutzen ez bada
Senda lezakena,
Ain arkitutzen zaizkit
Sartabak barrena
Animan tristura ta
Biyotzian pena.
Biotza ezin jaso det
¡Au karga barrenak!
Ia gastatu zaizkit
Indarrak geienak:
Ez luke sinistuko
Proatu ez dubenak,
Zenbat pixatzen duben
Egiazko penak.
Anima tristurakin
Ain daukat negarti
Nun egin al dezaken
Arriyu bi parti:
Maitasunak ematen
¡Belauniko beti!
¡Biotzian daukaten
Imajiña bati.
Zein ote dan eziñik
Kontura erori
Kutisiya jayoko
Zayote askori
Nik ordian ez diot
Esango iñori,
Berak badaki eta
Naikoa dek ori.
(Jarraituko da.)
|