inprimatu
Kaiolatik
Izenburua:
Kaiolatik
Sinadura:
Bizkarguenaga, Pedro
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Bizkarguenaga, Pedro

Argitalpena:
Zeruko Argia.
Urtea:
1988
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1181.zk.
Orrialdea:
56

Kaiolatik

 

Bizkarguenaga, Pedro

 

 1

 

 Gazte nintzala lodia

 luma beltz eta horia,

 egun ez daukat garai hartako

 kemen ta zoria,

 ez da gaurko historia

 ez dut lengo memoria

 baina ondino ez zait ahaztu

 naizela txoria.

 

 2

 

 Begira barroteari

 ura ta alpisteari

 geroago ta nazka gehiago

 diot kaiolari;

 mokokada bat janari

 astin aldi bat lumari

 nire istori tristea nahi dut

 gaur konta kantari.

 

 3

 

 Hor aurreko hariztian

 udaberri amestian,

 atera ginan mundura kabi

 txukun ta eztian,

 gaba goiz ta arrastian

 al zen denbora guztian

 bero berotan aita amaren

 hegalen azpian.

 

 4

 

 Gure amaren irriak

 eta aitaren zirriak

 batzuk gehiago zutelakoan

 besteen tirriak,

 beharrezko oinarriak

 jaki elikagarriak

 laster aldatu ziraden gure

 lumatxo gorriak.

 

 5

 

 Gure gorputzak handitzen

 hasi ginanen sentitzen,

 kabi txukunak ia ez zuen

 denontzat zerbitzen

 aita ta ama sufritzen

 ez ginalako kabitzen

 ta hasi ginan handitxoenak

 hegalak mugitzen.

 

 6

 

 Aldaskatik aldaskara,

 landaratik landarara,

 gazte denborak ta arriskua

 nola errepara;

 tiro hotsaren dardara

 hegal azpian zartada

 erruki gabe sartu ninduten

 zuzen kaiolara.

 

 7

 

 Aita ta ama goizero

 bixitatzen egunero,

 arratsaldetan noizean behinka

 lagun onak edo;

 bihur nahi ez bazan ero

 zerbait egin behar gero

 kaiola honi zulo bat bila

 nabil harrezkero.

 

 8

 

 A, zelako tormentuak

 ziran lehen momentuak

 eta ez dakit zeintzuk diraden

 nire pekatuak;

 txakurraren arriskuak

 alboan dauden katuak

 ez nau sekula bakean uzten

 madarikatuak.

 

 9

 

 Beti inguruan dabil

 erpa sentitzen dut hurbil

 atrapa nahian saia da baina

 ez da horren abil;

 nire indar guztiak bil

 borroka bizian nabil,

 nahiago nuke arranoaren

 atzaparretan hil.

 

 10

 

 Gaba ta egun beti zai

 inoiz ezin egon lasai,

 eta honela munduan bada

 makina bat anai,

 hainbat eta hainbat garai

 ezer ez da aldatu nahi,

 gizonak libre bizi behar du

 txoriak ere bai.

 

 11

 

 Hainbeste urte penetan

 urterik hoberenetan,

 konturatzen naiz ia zahartu

 naizela benetan;

 luma gutxi hegaletan,

 indarrak eskas hanketan;

 ala ta guzti bihotza daukat

 itxaropenetan.

 

 12

 

 Itxaropenez begira

 goizeko zeru oskarbira

 haize berriak susmatzen ditut

 jira eta bira;

 besterik ez dut desira

 justizizkoak badira,

 egunen batean itzuliko naiz

 nire hariztira.

 


inprimatu