Uholdeak
Bilbao, Jose R.
Mari, nahi zaitut agurtu
ahal dudan neurrian gurtu
zu ere egun hauetan baldin
ez bazara urtu.
Zelan ez duzu neurtu,
jo ta zerua apurtu?
zure leizeak ez ote ditu
txizontzi bihurtu.
Erdi itoa barea
gu bezain errugabea
zer gertatu den galdezka dabil,
zurbil, herabea.
Bilbo ez da orubea
ur-mailuen ingudea,
lainoen negar luzeak dakar
ondoren gurea.
Zirudin zela betiko,
dena murgildu ta kito,
zuhaitzak heurak deserrotu ta
itsasoan ito.
Inoiz ez, ta, belauniko...
hodeiek zer ekarriko...
gure Herriak oraingoz behintzat
iruntsi du nahiko.
Zuhaitz etzanak jateko?
lupetzez elikatzeko?
ez da astirik era berriak
ikasten hasteko.
Oroipena da gordeko,
berriro datorreneko
ubide denak zaindu beharko
askotaz hobeto.
Neurriz kanpo jarioa
ondasunei adioa
aurrerantzean etorkizuna
da kontrarioa.
Hauxe da desafioa:
ea gure balioa
egiztatzea goren mailara
dagoen igoa.
Bizkaia mudurri dago
ia ezin du gehiago
hain une latzik aspaldi hontan
ez bait du igaro.
Kanpoan hainbestek: bravo!
gure etsaia akabo,
kanpo-dolumin asko agertu
ta barre deungaro.
Samina?, soilik geuregan
erraz daiteke antzeman
bai begiradan, bai tresnerian
ta baita banderan.
Baina ba dakigu zelan
ardo mingostu hau edan:
hortzak estutu, burua jaso
ta aurpegi eman.
Ea zer berri Bermeon?
ederrak dizkigu emon,
arrezkeroztik esku-hutsurik
ezin inor egon.
Ea alkatea non dagon?
hortxe datorku, asteon,
Malaga puntan bakaziotan
gizona bait zegon.