ALAS POOR YORICK

 

 

        Hamletek esandako hitz ospetsuak dira hauek ehorzleak aurkezturiko Yorick bufoiaren buruhezurraren aurrean:

        Helas Yorick gizagajoa!... Txantxa amaigabeko eta fantasiarik bikainenaren jabe zen lagun mina nuen berau..

        Gero, Laurence Sternek ere erabili zuen esaldi hau Tristram Shandy delako nobela bikainean. Bertan, Yorick apaizaren hilarrian agertzen da epitafio gisa. Beraz, kontsolamendu ona omen zuen Yorick horrek handik pasatzen ziren guztiak hitz horiek esaten entzuten zituenean.

        Epitafio gisa ipini ditugu geuk ere hitzok gure ipuinaren buruan. Ziur gaude horrela ez duzuela hilobiraino joan beharko haren oroimena gordetzeko. Ez eta, maiz gertatzen denaren arabera, ipuina irakurri beharko ere. Lastima!, ze zin dagizuet hilobi honetan ez duzuela inolako harrik aurkituko... ez eta hezurrik ere. Helas!

 

 

        Izpirituok oso gutxitan esertzen gara idaztera, baina ezaguna da edozein bizidunek baino askoz ere gehiago dakigula. Bizitzaz nahi dut esan. Beste eratako jakintzak, hau da, infinituaren neurria zein den, edo kosmosaren egitura nolakoa den eta horrelako gauzak ez baitigute axola. Guzti horiek abstrakzioak dira eta behin izpirituak izan ondoren gorputzak bihurtzen zaizkigu harrigarri, hauek jasan behar izaten dituzten nekeak, eta haragiaren lainopean gizonek egiten dituzten eginahalak (beren amaiera ulerkorra bihurtzeko) benetan penagarriak ikusten ditugularik.

        O, zein zoragarria izpiritua izatea! esango zenuen dagoenezkero zuk nire irakurle, anaia eta kideak. Denok berdinak!, oinazerik sufritzerik ez! gainbeheraren kontzientziarik ere ez! Eta abar, eta abar. Bada ez pentsa, ez da horren erraza. Aldez aurretik, ez da egia denok berdinak garenik. Bizitza honetan ere, izpiritu bakoitzak badu bere pisua. Denok arintasun berdina ez dugula esan nahi dut. Esate baterako, orain dela gutxi, lurretik apartatu ezin zen izpiritu bat ikusi dut. Pisu handikoa, beraz. Eta iluntze batzuetan, goi-goitik datozkidan kantuak entzuteko aukera ere izan ohi dut. Pisu gutxikoak beste horiek, baina horien kantu eta lurrari lotuak daudenen kurrinkaden artean, esan beharrik ez noraka doan nire aukera.

        Eta sufritzeari buruz zer esango. Gehiengoaren iritziaren aurka, izpirituok ez dugu gure oroimena galdu. Gorputzek mugatu egiten dute jendearen oroitzeko ahalmena. Norberak bere gorputzetik at ez baitu ezer jakin nahi izaten eta hain handia da bihotzaren indarra, ze bereganantz eskatzen baitio gure buruari zuzentzea bere ingurabide guztiak. Honela, bakoitzak bere bihotzaren doinuak oroitu ohi ditu gehienbat. Sol, mi, re, do, fa. Sol. Sol. Ai!

        Ai, gorputzaren gartsutasuna! Behin hura galduz gero, arras ezberdinak izaten dira gauzak handik aurrera haginetako minik izango ez dugunontzat. Txinan, Indian, Jibutin, Lahoren eta Komalan ikusi ahal izan ditut ezkeroztik, aurretik behin ez ikusi arren ezagunak zitzaizkidan tipoak egitera zihoazen hankasartzeak. Argi nekien zein izango ziren urrats haien ondorio negargarriak, eta lotsa baino okerragoa zen zirrada zabaltzen zen nire izpiritu osora orduan. Ez al da hori sufrimendu mota bat? Bai, eta latzenetakoa dela ihardesten dizuet nik zuoi, irakurleok, ze nire izate osoa leher ez zedin hodeietarantz begiratu behar izatea gertatu baitzait, zirrada hori nire gorputzean zirikatzen zutenak hainbat eta hainbat zirelako. Milaka eta milaka zenbatu beharko nituzke euren oroimena ditudanen gorputzak. Oooo! oraintxe bertan ere, nire aurrean eserita dudan gaztea ni txikitan oso mutil zintzoa nintzen idazten hasi denean, paper orri garden eta distirantea alferrik galduz. Berehala etorriko dira horren atzetik aieneak eta salaketak. Beste mahai batetara noa horren aurpegi morea aurrean ez ikuste arren.        Eta zer esango nizueke, bada, maitasunaz. Gorputzak baditu bere mugak jende berria ezagutu ahal izateko, eta nahiz eta gure amets lainotsuetan paregabeko emakume ala gizona bere besoak gureganantz zuzendurik sutsu agertu, gehientsuenetan gure aldamenean bizi den mutikote edo neska txitxar batekin elkartzen ditugu gure bizitzak. Gorputzak ezin du hegan egin eta gure lainoetako zoramena lainoetan gelditzen da batipat, geu zorarazi ondoren, hankak zabalik eta mingain belztu bat gureganantz ateraz, zoroetxetako ormetan agertzen ez zaigunean. Ez, izpirituok ez dugu horrelako mugarik eta ez dugu, ezta, inolako jetarik behar izaten munduko printzesarik zoragarriena ezagutzeko. Gure hegaladak debaldekoak izaten dira, baina...

        Oi, ametsak gorputza hartzen duenean! Ezin gure aurrean ipini orduan ezabatuko ligukeen beste ezer. Berak xukatzen ditu gure lilura eta gogoak, berak argiz betetzen gauaren bakardadean inguratzen gaituen iluntasuna. Eta ziplo amaitzen dira orduan hegalada guztiak bere irriaren beharrak, bere gorputzaren jabe ahal izateak, ahaztarazten baitigute mundua zabala eta borobila dela ere. Zein goxoak diren bere eskerroneko hasperenak, zein eztiak zuri begira dagoelarik bere hitz bigunak, zein zoragarria hurbil-hurbil haren begietan zeure aurpegi propioa ikustea. Ai zein hunkigarria bere eskua zure bular gainean gelditzen denean! Gorputza behar ordea horretarako! Gorputza behar! Eta horixe zen hain zuzen niri falta zitzaidana. Gorputza. Baina ez dezagun aurreratu hemen eseri ondoren, zuoi kontatzeko asmoz idazten ari naizen istorioa.

        Ez naiz oso izpiritu pixuduna nahiz eta 3 mila metrotara iristen naizenean, nola edo halako indar gutxitzea sentitu. Ezin dut, beraz, goregi dauden herrietara iritsi, baina munduko herri gehienak ez dira lainoen artean eraikiak izan, eta ez dut problema handirik lurreko biztanleen gehiengoa bizi den leku guztiak ikustatzeko izan. Eta honela, ez baitakit zenbat aldiz inguratu dudan lurbira osoa gorputza galdu nuenez geroztik.

        Erdi aspertuta nenbilen ohizkoak nituen bidaia horietako batean, noiz, nire azpian, niregandik urrunegi ez izandako eztandak behartu baininduen goraxeago igotzera. New-York, Kalkuta, Mosku, Xangai, Honk-Kong, Bongo-Dongo eta Gongoda korrituak ditut nire azken bizitza honetan, eta baita miatuak ere hiri guzti hauetan piztuak ikusi ditudan leiho guztiak. Sekulan ez nuen ikusi ordea eztanda hark bultzatuta nire aurrean nuen etxearen azkenengo pisura, hogeigarrena oker ez banago, igo ondoren, erdi irekia zegoen leiho hartatik ikusteko aukera izan nuen ikuskizuna.

        Arrosak ez dira nire aurrean nuen emakumea bezain lurrintsu irekitzen. Munduko Beatriz, Laura, Lolita guztiek ez dute, ezbairik gabe, haren atzazal edo ile baten zohargia balioko. Ohean etzanda, bere petaloz estaliriko azalak barregarria bihurtzen zuen egunsentia, eta harrotasunez gogoratu ohi nituen Gobin, Karibe itsasoan, Samarkandan eta Urbasako pagoen artean ikusitako eguzkiaren sorrerak, ahaztuak izan ziren erabat, izar haren belaunak amuruski ireki zirenean. Ginebra erreginak ez zituen ziur aski horren dotore eskaintzen bere bitxi sakratuak eta haren inguruan inolako zaldunik ez zebilela ikusi ondoren, gau epelera zabalik zegoen leihotik gela hartara sartzea erabaki nuen.

        Izterrak itxi zituenerako barruan nintzen. Nik ezin nuen ezer sentitu baina berehala has zen haren aurpegia aldaketak sufritzen, eta haren haragiaren bibrazio amaiezinak, eta hark besoekin bere titi eta saihetsen ixtutzeak, poza zoragarri bat sortarazi zuten nire baitan, eta zorabioak jota, su eta gar ekin nien sartu-irtete haiei, ordurako nire maitea zenaren indarrak zoratze bidean ikusi nituen arte.

        Berehalaxe hartu zuen lo artean niretzat izenik ez zuen emakume hark, eta beraren aldamenean igaro nuen gau paregabe hura bere arnasak zenbatzen eta neurtzen, bere gerriak, hankak eta sorbaldak lekuz aldatzen hartzen zituzten irudiak ohoratzen, izpirituok ez baitugu lo egiteko inolako beharrik izaten. Noizbait, kaletik etorritako eta gure burkoaren ertz bat argiagotzen zuen argi oihal batetara joaten zen bere burua, eta adi-adi begiratuz gelditzen nintzaion loak ezkutatzen zizkion amets guztiak atzeman nahian. Bat-batean, hilik zirudien aurpegi haren paisaian, dardar hasten ziren begi inguruak higitzen eta bizitzak loaz kanpo irteteko egiten zituen indar guztiak ez ziren betazalek ixten zizkioten ateak zabaltzeko nahikoak izaten. Garbi nekien, lortzekotan, dardar haiek zirela unerik egokienak haren ametsetan sartzeko, baina ez nuen ezagutzen zein tresnaz balia nezakeen une haietan begien azaletan zebilen bizitza hura ukitzeko.

        Lotsati iritsi zen eguna biharamunean. Lotsati eta ilun, euriz bustita. Kaletik zetozkigun ahotsak ere blai balira bezala astintzen zituzten beren oihartzunak, eta kotxeen maramarak ere uraren mezua lehertzen zuen leihoen aurka. Lotsaz edo hotzaz zurubi batez estali zuen gorputza nire ninfak eta bere begi jainkotiarrak irekita ikusi nituenean ezin izan nituen galgatu pil-pilean hasiak ziren nire bezperako gurari berberak. Kupidatsuago izan nintzen, ordea, aldi hartan eta bere hasperenak lasaitzen eta itotzen joan zirenean, ohea utzi eta bainugelara abiatu nintzen. Ez irakurle, konturatuko zinenez, nire gorputza garbitzera, nire maitearen esnatzearen aldaketak goxatzeko baizik. Loak baditu bere une garaiak eta ihesari ematen diona horietako bat da. Handiena behar bada.

        Beraren itzala bihurturik, leku guztietara lagundu nion bigarren egun hartan eta zenbait merkatu eta denda ezagutu nuen goiz hartan. Euriak ez zuen atertu goiz osoan, eta eguerdi aldean bota zituen tximistek eta trumoiek hari eman zizkioten ikarek laztantasuna sortarazi zuten nire baitan. Hura babesteko gogo bizia sentitzen nuen eta ostotzak urrunduz joan zirenean osokiro nireganatu zen harengan ondorioz hedatutako bakea. Orduan gorputza eduki banu, ez zitzakeen nire sabela odolaren beroaz libre izango, eta une hartantxe hodeien artean irekitako zulo urdinetik erori zen argi izpiak, gorputzaren antzeko zerbait sentiarazi zidan hegaladetara hain emanak ziren nire muga neurtezinetan.

        Ur ttanttek zeharkatzen zuten haren aurpegia afalorduan etxera ginenean. Zazpi kontatu nituen eta, xukatu nahian, esku bustiarekin zabaldu zituenean, distiraz bete zitzaion aurpegia, eta afari hura luzeegia egingo zitzaidala pentsatu nuen. Eta bai luzea egin benetan, ze afariarekin ez ziren bukatu nire itxoiteak. Ernegatuta, bi edo hiru disko entzun behar izan nituen, berak, egongelako besaulki batean eserita begiak itxiz, eskuraezinak egiten zitzaizkidan auskalo nolako lilurak hausnartzen zituen bitartean. Luzeegi zitzaidan denbora galtze hura, eta bere gonaren azpitik murgilduz, sartu-irten azkar bat egin behar izan nion ea bere oherako gogoa suspertzen nuen, edota bere burutik zebilen ameskarioa mila puskatan hautsiz, ea sakabanatuak izan ziren irudiak elkartzeko beharrak, nire haizeetara bidaltzen zuen behin baterako. Oihumihak ahoa zabalik utzi zion, erdi itxirik begiak. Eta hitz ulergaitz bat esan zuen zegoenetik altxa eta oherako bidea hartu zuenean.

        Ez nuen errukaririk izan gau hartan. Uhinek kuzkurtutako aintzira zirudien bere aurpegi haizeratuak. Maitatzea zoratzea bada, maitasunaren ertzetan ibili nintzen gau hartan, eta ezin nion nire ibilerari utzi, aurpegi mingarri hark eskaintzen zidan hustutasun biziak eta ederraren botereak nigan gorputzaren mugen ezaguera ezabatu egin zuten eta. Itolarriaren oihu batek eraman ninduen berriz nire onera, eta bere azken arnasa hartze sakon eta luzeak bere atzetik eraman zituen nire mirespen eta zoramen lerdotuak. Leher zorian, indarge, arnasa baretu ahala erori zitzaidan betirako nirea sentitzen nuen hura loaren zurrunbiloetan. Eta tximistek noizbehinka zuritzen zuten ilunpeetan, han gelditu nintzen ni, logabe, goibel, bakar bakarrik, berriz.

        Jo eta ke ibili nintzen gau hartan nire maitearen ametsetan sartzeko atzetik. Begi inguruetan dardara noiz agertuko zai egon nintzen zoro bat bezala ilunpetan, eta hura agertu zenean lehen aldiz, betazaletan itsatsi nituen nire indar guztiak haien atzetik zebiltzan pertsona eta animaliak entzuteko gauza izango nintzela erabat sinetsiz. Oso urretik zetorren zaldi-irrintzi bat entzun ahal izan nuen, baina haren atzetik airean hedatu zen marroak beldurtu egin ninduen. Nik egindakoak gehiegizko indarrak ote, eta han zegoen ohean eserita, ezagueraz ondo birjabetu gabe oraindik, txundituta eta zotinka, nire hedadura higikorra pitzatu, erre, gorputzak ez adina usteldu ahal izan zuena. Nire heriotzaren lorea. O maitea!

        Dardara noiz agertuko ote ibili nintzen gero, hark berriz lo hartu ondoren. Luzeegia egin zitzaidan zaintze hura, baina ez zen alferrikakoa izan. Bigarren aldi hartan, eztiki zabaldu nuen haren begien gainean jadanik maitasuna besterik ez zen nire substantzia, eta hasiera batean zirriborrotsu zetozkidan hitz batzuk entzutea besterik izan ez banu, ondoren hitzak joan zitzaizkidan lehenbizi garbitzen, aitatxoripiki esate baterako, eta gero hitzak ez ezik, irudiak ere argitu egin ziren nire aurrean txundimena sortaraziz nire gogoan. Eta mirespena.

        Zuribeltzak ziren ikusi ahal izan nituen irudiak. Zuhaitz beltz baten azpian atso ederregi bat zegoen eserita. Emea zen, ziur nago horretaz, baina belaunetatik gora jasoak zituen gonek zango indartsu eta iletsuak erakusten zituzten eta indarra eta ileek gorputzetik gorantz jarraitu zuten gero gonen atzetik, amona zegoen tokian gazte gihartsu eta kementsu baten biluztasuna azkenik agertuz. Zuhaitza ez zen geroztik zuhaitz izan ere, nire maitearen gorputza baizik, eta honen hitzak entzun zirenean —"mendi zabalak"—, "liburu irekia" erantzun zion gizonak, eta honen hanka tartetik zeruraino hazten hasi zen beste gizon batek— burusoil eta zaharra, baina gartsua —neska koxkor bat zeraman bere besoetan eta "nesbirikilnaka" ahoskatu zuen irmoki lorez betetako landa batez ordeztua izan baino lehen. Bat-batean neu izan nintekeen —edo horrela sentitu nuen behintzat haren presentzia— gizon bat agertu zen landa hartan, eta loreak urdinak ziren, eta gorriak, eta niregana saltoka zetorren emakumeak ere ezti-koloreko larrua zuen, eta "zatoz nigana maitea, ezin baitut zu gabe bizi" oihukatu zuen argi eta garbi.

        Hantxe bukatu zen amets hura, ze nire ondoan zetzan emakumeak begiak ireki baitzituen ametsetakoa nire besoetara iritsi baino lehen, baina margotuak zeuden azkenengo irudiak neure nahiak izan zirela jakitea eta nire pentsamenduek haren ametsetaz jabetzeko ahalmen etenezina zutela ikuskatzea aski izan zitzaidan gau hura pozteko. Ez zuen hark egun argiz nire izatea ezagutuko, baina gauez, bere ametsen bitartez, hain desiragarria nuen maitasun bizitza hartan berpiztua ahal izateak, zoriona zabaldu zuen nire baitan, eta hain betea nengoen zorion hartaz ze ez bainintzen konturatu goiza etorria zela eta nire maitea, ohetik aspaldi jaiki ondoren, gosaria prestatzen ari zela sukaldean.

        Hurrengo gauean ez ziren nire jolasak aurrekoetan baino arras ezberdinak izan. Pelleas eta Melisande entzun genuen estereoan eta harrituta gelditu nintzen nire maitearen zaletasunak zein ziren jakitean eta bere gustua bezperan entzun zituen Elton John, Simple Mind eta The Smith-en abestietara mugatzen ez zela. Gauza horietaz pentsatzen nenbilelarik, txantxeratua, hurrengo ametsean La Traviata-ren aria bat abestuko niola esan nion barretsu nire buruari, baina haren ametsa izan behar zuena nirea bihurtu zen, ze Debussyren musikak Verdirenaren istorioa antzezten baitzuen nire gogoetetan, eta nire aldamenean, ixil eta amesti, eserita zegoen nire maite zoragarria azkenean nire besoetan erortzen zen, hutsaren laino haizeratu haietan, Margarita Gautier hiltze larrian bailitz. Gero, hiltze larrian ez, baina bai zoratze arriskuan ibili ginela biok han gauero bezala, eta haren begietan pasioa zebilen nagusi "nire maitea" ezer ikusi gabe niri begira xuxurlatu zuenean.

        Hurrengo goizean, leihotik sartu ziren lehen argi izpiek ez zuten, ohi zutenaren aurka, esnatu, eta adi-adi ihardun nuen, iratzarri zen arte, errainuek kerizatik ateratzen zuten bere aurpegia begiratzen. Gau hartan ere aske ibilia nintzen haren ametsen alorretan eta hasiera batean harenak bakarrik ziren irudiak begiratzera mugatu banintzen, ez zuen nire harenganako jakin nahi hark gehiegi iraun, ze berehalaxe bultzatu ninduen nire gurariak haren ametsetan sartzera eta erasotzen ari zitzaion lehoi bat akatu ondoren, berehala lehoiratu nintzen basamortuko hareen margoa hartu zuen eta nire maiteari inguratzen zion oihan krudel eta basatian. Egunez eta gauez maitatzen nuen, beraz, nire zoramen hura, baina gauez erraza bihurtu bazitzaidan nireganako hark izan zezakeen maitasuna dastatzea, egunez, aldiz, ezinezkoa bihurtzen zen hauxe bera ze, nahiz eta garbiro nabaritu harengan nire maitasunak zituen ondorioak, ez bainuen sentitzen orobat maitatua nire burua, haren begietan ez zen inor isladatzen eta, haren besoen artean inor gauzatzen ez zen bezalaxe. Berak ez ninduen ezagutzen, jakin ez zekielarik han bere aurrean ni nengoenik, hain gustura bizitako une laket haiek ni neuk ez beste inork eragiten nizkionik jakin ez zekien bezala. Nire izatearen froga bat emateko beharrean aurkitzen nintzen.

        Eta hala, hark begiak ireki ondoren gure jokoei ekin genienean, bere aurpegi, beso, izter, gorputz osoaren desbideratze alaia ikusteak, nire ezerezaren mingostasuna berpiztu zuen nire baitan, eta horrela etsirik, nire izatearen zantzu bat ematea erabaki nuen. Izpirituok ez dugu ez giharrik, ez kiriorik indarraren bitartez gauzak lekuz aldatzeko. Ez eta beharrik ere. Giza-iritziek leporatzen dizkiguten igotze, aldatze eta hauste guztiak nahiz egiten ditugu. Ez edozein motatako nahiz ordea, ze nahikeri kapritxosuak, esate baterako, ez baitira gauza izaten ez eta, hegohaizearen antzo, kalean erorita dagoen papertxo bat ere higitzeko. Nahi itzela behar, beraz, gogo osoa suntsitu ondoren gutaz orokorki jabetzen den gura; enbataren haizeen zurrunbiloak hartzen dituen horietakoa. Nahia bihurtzen garenean, orduan bai has gaitezkeela mundua astintzen. Badakit —gorpuztuak edo gorputz gabeak azken finean denok izpirituak izanik— honezkero galdetzen hasiko zinatela zeuron buruei ea zertarako behar dituzuen gihar eta hezurrak izpiritua bera bakar bakarrik enborrak mozteko, zutoiak igotzeko, izarak unatzeko gauza baldin bada. Nahi ziztrinak guzti horiek beren mugetan irlatzen badira eta bitxikeria horietarako behar izaten dira zeuon haragi, zain eta oinazeak, guk ez baitugu enborrak txikitzeko ahalmenik izaten gure gogoak bizirik dirauen bitartean. Baina, ai!, gure gogo, irizpide, sena eta jakintza garbitzen dituen nahia gureganatzen denean. Zeuok ez duzue horrelakorik ezagutzen.

        Nire maiteari berarekin nintzela eman behar nion aditzera beraz eta gerritik behera estaltzen zuten izarak lurrera bota nituenean ez zen harritu egin. Berehala ulertu nuen hura ez zela nahikoa izan ezer adierazteko eta handik pixka batera lehengo lekura igo nituen berriz izara haiek, baina itzultze hark ez zuen ez eta ezertarako balio izan. Txoro bidean zegoelarik zaude geldirik Gaizka esan zuen ahopeka, eta esku batez helduz izara bidazti haiek, lurrera bidali zituen berriz plazerraren lainezak marmarikatuz.

        Ordurarte sekulan aipatu izan ez zuen izen hark zerbait irauli zuen nire barne, apo more baten antzo jauzika taupadatzen ninduen amorru ximurtu bat. Garbi zegoen izen hura ez zela nirea eta etxe hartan gizonezkoen aztarrenik ikusten ez zenez gero, hauteman egin beharko nuke ea zein urrunetara luzatzen zen Gaizka hura, eta zenbat aldiz, noizbait egin izan bazuen, utzi zituen bere gorputzaren usainak nire maitearenaren gainean, ea zoraldiak eraikitako izena zen hura ala benetakoa, haurtzaroan gure nahiak gorpuztarazten dituen horietakoa ala edozein izkinatan nahi horiek jasotzeko prest daudenetakoa. Hilik zen ala bizirik. Gaizka! Arriskuan ipini baitzituen izen hark nire maitearen beharren jabe izateko irekitzen ari nintzen bideak.

        Galtzear utzi nituen gorputz haren hasperen eta astinduak ohe hartatik korrika alde egin nuenean. Han zegoen, bai, mahai gainean, gizon barretsuaren erretratua, baina ordurarte anaiaren batena edo aitarena gazte zenean —hain zen handia haren eta nire maitearen artean ikusten nuen antzaldia— iruditu izan baitzitzaidan, etsaiaren argitasuna hartzen hasi zen orain, eta leunki zabaltzen ziren bere ezpain haiek txikitzeko sentitu nuen gogoak, astunagoa egin zuen nire nahia gaiztotzen zuen gorroto lakarra. Goitik behera arakatu beharko nuke etxea Gaizka hura gezurrezkoa ala benetakoa zen jakin arte. Eta benetakoa balitz? A, orduan! Besteren batek bota beharko lituzke orduan nik bota ezin nituen malkoak. Odol malkoak, beharrezkoa balitz. Zure edertasunak exigitzen zituen odol-tanta lodiak. O, maitea!

        Ziplo zabaldu ziren armairu-ate guztiak, zirrizta azkarraz ireki kajoi denak. Eta bainugelatik nire zorabioaren kantuak zetozkidan bitartean, ziztada hotza bailitz gurutzatu zuen nire begirada lehen armairuan aurkitu nuen infernuak. O, lurreko iratxo, munstro eta jainkoek!, giza jantziek betetzen zuten armairu osoa. Taka grisak, urdinak, zirieratuak, leunak; jertseak; junperak; alkondara laukituak, marradunak, marrazkituak, paleolitikoak, modernoak eta posmodernoak. Eta usaina! Lehorra, xaboiarena, lurrean erorita zegoen alkandora zikin baten izerdiarena, zapaten larruarena, gizonarena. Gizonarena! Patrika guztiak miatu nituen, eta krabelin ximeldu bat gordetzen zuen jaka batenarenean plastikoz estalitako txartel bat aurkitu nuen azkenean. Gaumahai gaineko erretrato berbera; izen berbera; Gaizka Artola. Euskal arraun federakuntza ere lortu nuen irakurtzea, baina ilunduta nuen adorea eta nire ikerketa aurrera jarraitu beharrean, etxeko bazter batera abiatu nintzen, hautsia, hustua nuen gogoa kontsolatu nahian. Oi zenbat bota nituen faltan une hartan gorputzen ukabilak, atzaparrak, malkoak, txistua! Oi, zenbat ahalegindu behar izan nuen etxe hura goitik behera sutan ez ipintzearren! Oi zein mingarria izan zen orduan izpiritua izatea, irakurle! Eta nire torturatzailearen hitzak entzun nituenean — Oi, nork ireki ditu kajoi guztiak?; Gaizka, Gaizka! hemen al zara?; Neuk irekiko ote nituen bada atzo gauean? —lainotu egin zitzaizkidan nire aurrean nituen gauzak eta bazter hura utzi egin nuenean nire maitearen bila joateko, zorua bustia zegoen irakurle; zorua blai-blai zegoela ikusi ahal izan nuen, nik bustitako blaitasunaz joa irakurle, eta izenik oraindik ez zuen nire maitea, hau da Gaizkaren emaztea, sekula baino ederrago ikusi nuen aurrean berriz izan nuenean eta nire tristezia bere lepoaren gainean bermatu nuen eta tanto perlatsu batek korritu zuen bere bizkar hezurretik behera... baina bera ez zen ezertaz konturatu egin. Ezertaz.

        Gaizka arratsalde hartan azaldu zen. Alemaniatik zetorren, estropada batzuetatik, eta egia bazen, erre, tratuan ikus zitekeenez, nire maitearen antzekoak zituela begiak eta irria, bere hezurdurak eta azal margoak beste abenda arras ezberdin bat erakusten zuten. Ez ziren ez familia batekoak, baina gizona iritsi eta berehala elkarrekin bat eginik plazerraren atzetik ikusi nituenean, Bat-batean ohartu nintzen bata bestearentzako eginak izan zirela. Nekez jasan nuen lehen topatze hura. Inbidiaz begiratzen nuen zein zehazki egokitzen zen emakumearen eskua gizonaren omoplatoan, edo Gaizkaren besoa luzatzen zenean nire maitearen izterra ferekatzera, zein ederki zabaltzen ziren nire aurrean gaua eta eguna azal leun eta iletsuak sortarazten zuten paisaia berri hartan. Gizonaren gerria emakumearen izter borobilak jasotzeko zirudien egina eta doi-doi tinkatzen ziren elkarren lepoan musuen zurrunbiloek euren ahoak atseden hartzera bidaltzen zituztenean. Hain ederrak ziren ze mundua ahaztera behartzen baitzuten eurei begira egon zitekeen edonor. Eta gizon hark emakumearen izena ahoskatu zuenean, garbi ikusi nuen bion izenetan ere isladatu egiten zela euren gorputzetan ikusi ahal izan nuen egokitasuna. Gaizka eta Ainitze. Eta gorputzen armonia ez ezik, beste zerbait ere isladatzen zen bi izen haietan; nire presentzia, hiruron artean gertatzekoak zirenak: Nire oinaze guztiak.

        Hutsean joan zitzaidan gau hura. Gaizkak eta Ainitzek, aldiz, elkarren besoetan burutu zituzten egitekoak eta biak lo zerraldo gelditu ondoren ere luzarorako gelditu zitzaizkidan airean, edo beharbada minak eraikitzen ari zidan bihotzean, beren hasperen, kexu, marmario eta farrak. Berbena zaratatsu hartan leku txiki bat izan nezan saio bat egin nuela ere aitortu beharrean nago, baina ez nuen arrakasta handirik izan. Beren jolasari amaiera eman ziotela zirudienean nire maitearen izterretan sartu nintzen egunero ohi nuen bezala, baina Ainitze, atseginaren ziria sentitu bezain laster, bere gizonaren besoetara egotzi zen nire zoramenak hasitako bidaia loretsua hark buka zezan eginez.

        Izpirituok, arrunt xamarrak garenok behinik behin, ez daukagu ziurtatua guztioi agindua izan zitzaigun betierekotasun leinurutsua. Badaude, bai, hil bezain pronto zerumugetatik gaindi kantuz dihardutenak, baina besteok, zenbat eta lurretik hurbilago egon gure hilezkeroko egoitza, arrisku handiagoa izaten dugu berriz gorpuztuak izateko. Gorputzetatik hurbil bizi garenez gero, pasadizo latzak igaro behar izaten dugu egoitza gorenak lortzeko eta gure gorputz ezako bizitzaren arabera izaten da ondorioz lor genezakeen etorkizuna. Ikusiak nituen landare, xinaurri, behi, antropofago, alproja, ministrari edo Lolita zoragarri bihurtuak izan ziren izpirituak, beraz oso ondo nekien jakin gure ibilerak mehatxatzen zituen araudia zein zen. O Ainitze! Ainitze! giza usainak iristen ez diren zeru mailetara igotzeko zure etxetik alde egitea besterik ez nuen, baina Gaizkarenganako zenuen lerak ekarriko zizkidan edonolako ondorioak oso ondo ezagutu arren, zure aldamenean gelditzea erabaki nuen. Suge, artista, ala edozeinek mespretxatu eta zapaldu egiten dituen tipo horietakoen larruan izango nintzateke gorpuztua agian, baina zure ahotsen, hitzen, arnasen, azal soinuen oihartzunek betetzen zituzten gau hartan zu lagatzeko egin nituen saio guztiak ez ziren aurrera atera egin. Zu zen ordurako nire izpiritua, zeuk ilundutako pasio distiratsua ginen izpiritua eta ni, eta Heriok, nire gorputza izandakoa gordetzen zuen hilarrian, nirea landu zuenez geroztik izenik ez neukalarik, zurea niretzat hartzea erabaki nuen eta Ainitze deituko nintzateke aurrerantzean neu ere, Ainitze! esango nion neure buruari zure etxeko bazterretan lur jota noraezean ibiliko nintzen guztietan. Oi, gau ilun eta luzea! Dardaraz ikusten nituen leiarretan suge, xinaurri, marrazo, arraultzetik ateratzerakoan zapaldua izaten zen txorino, leproso, eta behin eta berriz fusilatuak ziren gizonen irudiak, baina guzti horien aldamenean nire oinazeak ez zuen neurririk eta bere besoetan estutzen zintuen gizon hura zurrungaz has zenean, berehala joan ziren pikoetara ohar iheskor horiek eta zure senarra akatu egin behar nuela zin egin nion neure buruari; nirea izango zinateke berriz. Eta harrezkero, lasaiago bihurtu zen gauaren taupada.

        Laranjatua zen goizeko argia gizonaren gorputza topatu egin zuenean. Ohe aldamenean zutik, tenk egin zituen Gaizkak besoak eta hankak lehendik teinkatua zegoena egunerantz harro-harro zuzenduz. Ez zion bere ahoak zabaltzeari artean utzi, bere aldamenean pixka batean etzateko eskatu zionean nire Ainitzek. Harroak bazuen hor non frogatu bere harrokeria, baina eskaera honen aurrean bere jabeak erakutsi zuen harridurak, goizaldiko jaiak ez zirela haien artean ohizkoak izaten adierazi zidan. Ia bortxaturik egin behar izen zituen Gaizkak egitekoak eta nire maiteak erakutsi zizkigun suak eta lehiak ez ziren gizonaren eginbeharrekin batera bukatu egin. Gehiago eskatzen zuten bere begi eta ezpain zabalduek, eta nahi luze eta erregaitz hartan, nik irakatsitako jakiteak eskaintzen zizkien, desestalirik, gero eta zoratzenago aritzen ziren nire sentimenduei. Nire maitasuna ari zen eskatzen Ainitze goiz urretsu eta leinurutsu hartan; Gaizkak bere gorputz artean dorpetu eta lozorrotuarekin bete ezin ziezaiokeen nire maitasun arin eta osoa. Gaizkaren goiz baldartasunak garbi mostratu zidan ez nuela, behar bada, bera akatzeko beharrik izango, Ainitzeren gorputzean sartu izan nuen nire maitasunaren nahia aski izanik, agian, gizona besterik ez zen tipo hura itotzeko, zoratzeko, hiltzeko. Eta giza-gorputz nekatu hura ohetik at xirriztatu zenean bainugelara joateko, airean abiatu nintzen neu nire maitearen besoetara, honen haragietan nire maitasunaren islada xurgatzeko, bere begien zorabioa ohi nuen bezala zirikatzeko, bere gorputzaren energia aske izateko argiaren beroak eskatzen zion bezala. Baina alferrik. Ez zuen bere gorputzaren higitzeak hasi baino egin, ohetik altxa eta bere gizonarengana joan zenean. Bainugelan kunplitu ziren nire ardurak eta Gaizkak "ez dakit zer gertatuko litzatekeen erbestean hilabete osoa pasa beharko banu" esan zionean, honelaxe erantzun zion nire traidoreak: "Lau egun nahiko izan dira zure oroiminak leher zorian ipintzeko nire burua. Hurrengo bidaian zurekin eraman nazazu oroiminez gorpu aurkitu nahi ez banauzu itzulian". Dudarik ez egoera hari amaiera emateko zerbait egin behar nuela.

        Gaizkak banketxe batean egiten zuen lana goizetan eta arratsaldero arraunetara joaten zen. Ordu piloa igarotzen zuen beraz etxetik kanpora eta horrek denbora nahikoa uzten zidan bakardadean Ainitze begiratzeko, ohoratzeko... maitatzeko. Ez nuen, ordea, bere haragia pizteko gure bakardadeaz abusatzen, nik behar nuena emakume hura nirea izatea zen eta ez nire edozein nahikeria hala edo hola asetzea eta. Halaz guztiz, sartu-irtenen bat egin nion noizbehinka nire maitasunaren garra eta lekukoa ahaz ez zezan. Baina honelako saioek nire asmoen bazterrak bakarrik betetzen zituzten, etorri berria zen gizon haren oroimenak lurperatu egiten zituen eta bera azaldu baino lehen emakume haren jabe izateko nituen itxaropenak. Eta horrela nire kezka nagusia gizon hura gure artetik nola kendu bihurtu zen. Aske behar nuen nire maitasuna eta ez beste edozeinen menpe ze, bestela, nire izatea maitatua izan zedin ez bainuen sekulan inolaz ere lortuko.

        Diotenez, maitasunak zorionaren ertzetan ibiltzera bultzatzen ditu maiteminduak. Zoriona betea ez omen da mundu honetakoa —edo horretakoa esan beharko al nuke, irakurle?, baina, ai! hain gertu dakusat nirea, ziur-ziur, bihurtuko den zeuen mundu hori!—. Ez omen da, bada, mundu honetakoa eta eskura ditzakegun bere ertzek ez omen dute gainera sufritzea baztertzen. Areago, sufritzerik gabe ez omen dago benetako maitasunik, eta hau gabe jaunok, guztiok dakigunez, ez dago zoriontsu izaterik. Ainitze eta bion artetik at Gaizka botatzeko egiten ari nintzen egitamuetan nire lehen planteamendua haien artean sufrimendua nola sartu izan zen, baina gorago egin ditudan gogoeten arabera hasiera batean egitea pentsatu nuena, hau da, haien artean zeloak sartzea ez zitzaidan egokia iruditu. Sufrimendu horixe bakarrik falta zuten bi haiek elkarrekiko harremanak eternidadea baino iraunkorragoak bihur zitezen. A ez! Beste era bateko sufrimendua izan beharko litzateke, eta itzelagoa, haien zorionaren ertzak hautsi eta elkarren artean gorrotoa sartuko lukeena. Aspertasuna? Baliteke honek ondorioz izaten dituen grina eta amorruak aski izatea gorrotoak eragindako sufrimendua sortarazteko, baina ez zegoen nire eskuetan inor aspertzea eta gutxiago niretzat hain kuttunak ziren gizon eta emakume haiek.

        Auziari nire buruan zenbait buelta eman ondoren trianguloa izan zitekeela erabaki nuen, beste bikoteen artean ohi den bezala, Gaizka eta Ainitzeren bakearen puskatzailea. Trianguloak ez baitira susmoz elikatzen, baizik eta hirugarren gorputzaren sutearen hedadurak gure baitan sortarazten dituen etsipenez. Susmoak suak handitzeko haizeak baitira, etsipenak, aldiz erreketaren hondarrak. Hor nuen, bada, nire asmoetarako egokien izan zitekeen bidea, baina horretarako beharrezkoa zen hirugarren pertsona falta zitzaidan eta irudimenez eta arimaz abiatu nintzen honen bila. Banekien ezinezkoa izango zitzaidala hezur-haragiz mamituriko hirugarren maitale hori aurkitzea, baina ametsen jabea nintzenez gero, nire eskuetan zegoen haien desioetan irudi zoragarria baten lera zirikatzea eta, edozein presentziaren eraginetan,

aztarrenak lekukotasuna baino iradokorragoak izanik, ez zitzaidan zaila egingo hirugarren gizaki horren susmo eta egitez etxe osoa betetzea. Gauaz eta egunez, loaldian eta bigiran egingo nuen beraz lana pertsona hori eraikitzeko eta zu, nire maite zoragarri hori, nire asmakizunak zabaldutako lilurak, tristeziak, marroak eta gorrotoak ezagutu ondoren ez zinen nirea ez beste edozein gizonena izango.

        Gaizkaren ametsetatik agertu nintzenean lehen aldiz, han ikusitakoa ez zitzaidan, hain zuzen, eredugarria iruditu. Arraunetan zihoalarik, arraunak hartu beharrean hanka zabalik zegoen emakume baten txonkatilak hartzen zituen eta, gorputza aurrera gorputza atzera, erraz daukazue zertan ari zitekeen asmatzea. Zeuen irribarre konplize berbera izan nuen neuk ere hasieran, baina berehala ohartu nintzen han ez zela gizon eta emakumeen artean egoera horietan kausatzen dena gertatzen ari. Ez hankatarteak lasaituak zeutzan, eta handitzen zirenak Gaizkaren beso, izter eta bularreko giharrak ziren. Gizonaren aurpegiak erakusten zuen satisfazioa ez zen kontatzekoa. Hura ikusi ondoren berehala jakin ahal izan nuen gizon hura oso gizon arrunta zela: beregan behin ere gizontasun nahikoa sentitzen ez duen horietakoa. Margoz argitu nuen nire irudimenarekin amets hura eta Gaizkaren atzetik beste arraunlari bat sortaraziz, barrez eragin nion azken honi nire lehiakidearen gihar guztiak orratz batekin puztu zitzan. Ondorioak gehiegi interesatzen ez zitzaizkidanez, nire maitearen ametsetara abiatu nintzen amets harroputz hura margorik gabe utziz, baina Gaizkaren artegatasuna ez zen ixilik igarotzen diren horietakoa izan. Ohean eseririk, arnasa hartu ezinik, begiak itxiz eta zabalduz, bere zotinek eta dardarek Ainitze esnatzea lortu zuten azkenik. Han izan ziren orduan lainezak eta musuak! Elkarrekin batela batean pasieran zihoazela labana bat sartu nahi izan omen zion gizon batek zioen Gaizkak Ainitzeri honen igurtziek bularreko ile guztiak puntan ipintzen zizkioten bitartean. Amaiera ere ez duzu asmatzeko zaila irakurle... beti bezala, neu gelditu nintzen han galtzaile.

        Nire bigarren hurbiltzean, bakea zen errege Gaizkaren ametsaren alorretan. Mutil koxkor bat —Gaizka bera, irudi zitekeenez— kaniketan jolasten zebilen bakar bakarrik. Halako batean, huts egin zuen kanika zuloan sartu nahian eta balabilkimaza esaten zuen bitartean emakume zoragarri eta biluzia ipini nion muturren aurrean. Ikasi behar zituen guztiak ikasi zituen hantxe mutil koxkor hark. Ez zuen protestarik egin eta emakumeak jolastokitik alde egin zuenean, lehen saioan sartu zuen gure Gaizkak zulora aldamenean aurkitu zuen estraineko kanika. Ez zen ez esnatu Gaizka ametsa bukatu eta gero, eta gure Gaizkatxori adina heldu baino lehen hainbat gauza erakutsi zion emakume hura probetxugarria izan litzaidakeela iruditu zitzaidan eta hala, Uxue deitzea erabaki nuen.

        Oso ondo ezagutzen nituen ordurako nire bi lagunen pas basque eta relevé guztiak eta euren pas à deux ikusteko ordua iritsi zela pentsatu nuen. Bikotearen amets orduak ez ziren maiz bat etortzen eta baldintza honi itxoin behar izan nion gure gizon eta emakumea elkarrekin batera dantzan has zitezen. Ez nuen duda bat ere ametsaren mamiaz. Uxue indiar dantzarina plazaratu behar nuen bertan, eta Gaizka eta Ainitzeren begi inguruetako dardarak batera noiz hasiko itxoitea besterik ez nuen haientzako gordeta nituen deliziak txinpartaka has zitezen.

        Aspaldi zebilen Gaizka keinuka, Ainitzeren betazalak jauzika hasi ordurako. A,N,T,Z, ari zen markatzen Gaizka telefono batean 5.000 pezetatako orriek osatzen zuten gidaliburua itxi egin nionean. Ainitzek berriz, ez zuen ez eta astirik ere izan monja marimatxo baten aurpegia marrazteko auskalo zein txorakeria antzeztu behar zuen ordurako nirea zen ametsean. Behin batera margotu ziren bien ametsak eta aurrean nire maite hunkigarria eduki izan ez banu, neu ere maiteminduko nintzatekeen loreek, artiek eta tximeletek alaitzen zuten antzoki hartan azaldu zen emakumeez. Belo garden bat jazten zuen Uxuek eta Debussyren Prelude à l'après-midi d'un faune musikari jarraituz dantzan hasi zenean, argitara utzi zituen beloak erdi estalitako deliziak. Esan beharrik ez tximeleta guztiak hil egin zirela inbidiaz eta lore guztiak prest zeuden lore zen hura bazkaltzeko noiz, han non ateratzen den artien atzetik gure Gaizka bere arraunlari elastikoa eta galtza motzak jantziz. Bat-batean bukatu zen Preludioa, eta ahuntzaren antzo, jauzika, bere dinbili-danbalak erakutsi zituenean gure faunoak, orduan bai hasi zirela festak. Loreak usteldu egin ziren, hilda zeuden tximeletak berpiztu eta ez nago ziur ea inguruko artiak lurrean hilobiratu ziren ala korrika alde egin zuten, baina argi daukat urdintasuna eta margo higikorrak besterik ez zirela ikusten bi gorputz haiek babesten zituen zeruan. A le plaisir! Egundokoak izan ziran han ikusitakoak eta bukatzera zihoazela zirudienean hitz hauek esan zituen nire Uxue ordainezinak: Batekin nahiko?, bigarren aldiz egingo dugu gutxienez egunero bezala. Eta bigarren aldi hura ez zen makala izan. Hango hitzek eta ekintzek zerua bera gorritu zuten, eta hain gogorrak izan ziren hango larritasunak ze, bukatze bidean zihoazelarik, pikoetara joan ziren bai Uxue, bai Gaizka, baita tximeletak ere. Ilundua gelditu zitzaidan ametsa eta, ni ohartu ordurako, han zeuden ohean eserita Gaizka eta Ainitze bizi berria zuten amets hari makarrak kendu asmoz.

        Sutan zegoen Gaizka, bukatu gabe utzitakoak irrikatzen baitzion odola, eta Ainitzeren besoetara jo zuen suaren bero haiek erabat freskatzeko helburuz. Baina, ai! zein ederki portatu zinen orduan zeu! nire bihotzeko txinparta bakarra! nire kuttuna, o maitea! Zeren amorruak ematen dituen suak baitzenituen zuk gorputzean jira-biraka eta zure gainera zihoan txorigaldu hari eman zenion belarrondokoa ospatzekoa izan zen. Zein garaile sentitu nintzen orduan, irakurle, zein zoriontsu! Nire lehen garaipen hark nire lanak bide onetik zihoazela adierazten zidan, eta ahoa eduki izan banu Napoleon kopa edan eta zigarro luze bat errez ospatuko nukeen une paregabe hura.

        Baina nire alaitasunak ez zuen gehiegi iraun ahal izan. Loaren baldartasun eta harridurak ihesi ahala berehalaxe etorri ziren damutzeak eta azalpenak. Barkatzeko, zioen batak, beste emakume batekin ikusi zuela ametsetan eta erdi lotango erreakzioa izan zela berea. Berak ez zuela ametseko emakume hura beste inoiz ikusi, zioen besteak, eta gainera berak ez zuela lotan bere burutik pasatzen ziren gauzen errua. Eta maitea eta barkatu, eta barkatu eta maitea hain estu gelditu ziren elkarrenganako pasadizo hura txukundu ondoren ze irudi, emakume eta gertaera berdinaz hitz egin arren ez ziren ez eta konturatu egin biek amets berbera izan zutela. Amaiera betikoa izan zen eta pasioaren txinpartak itzalduak izan ondoren lotan ikusi nituenean, aurre aurretik ekidin nahi izan nuena, hau da haien artean zeloen itxurako zerbait sortaraztea, lortu egin nuela pentsatu nuen kezkati. Bazitekeen, beraz, hain pozik asmatu nuen Uxuek ezertarako balio ez izatea, baina susmo hori eduki arren, berarekin beste zenbait saio gehiago egitea erabaki nuen. Eta mendi tontorretan, palazioetan, uhinen artean, basamortuetan, munduko bururatu lekizkidakeen leku guztietan ipini nituen Uxue eta Gaizka larrua jotzen, baina bazirudien gure bikotea ohi egin zela filma pornografiko haiek ikusten eta bai batentzat eta bai bestearentzat amorruaren sortzaile baino gurariaren suspertzaile bihurtu baitziren ametsezko gimnasia haiek. Gizona bero-bero ateratzen zen haietatik, bereziki egitekoak bukatu gabe esnatzen zenean gauaren erdian, eta Ainitze, berriz, o nire traidorea eta gero eta nigandik urrunago!, beste emakume hura bere buruak asmatutako kea zelaz konbentzitu ondoren, gustura ikusten zituen bere gizonaren trebetasunak, eta hau berotu heinean joaten zen bera ere berotzen beren bi gorputz esnatuen topatzea oheari sua emateko neurrikoa izanik azkenean. Hau guztia zela eta, garbi zegoen Uxuek ez zuela ezertarako balio eta tartetik kentzea erabaki nuen erabat.

        Edozeinentzako izango litzateke garbi neuk irekitako guda galtzen ari nintzela, eta nahiz eta nire hondamena gainditzeko estrategia berriak asmatzen ari, ia prest nenbilen neu ere, adorea lur jota nuelarik, galtzailetzat emateko nire burua. Bizitzak, ordea, baditu bere inguruneak, eta kemena indartu zidan horrelako bat eskaini zidan Gaizkak arrats batean bere arraun saiotik etxera iritsi zenean. Eztulka sartu zen etxera eta ohi ez bezala, nik ezagutu eta lehen egunetan behinik behin, nekatuta zirudien. Jantziak aldatzeko biluztu zenean, sekulan baino argalago ikusi nuen eta lehen guriak ziren beso, izter eta bularra, iharrak zeuden orain lepoa iharra zegoen bezala. Ez zuen, halaz guztiz, galantasuna galdu eta Ainitzek ez zuela zergatik galdu beharrik galantasun hartaz goxatzea pentsatu nuen. Eta pentsatu ahala egin. Beti bezala, nik sartu nituen ziria eta gustua, baina beti bezala halaber, gizonaren besoetan eman zion hark amaiera nik hasitakoari. Kaltzontzilo garbiak jazten harrapatu zuen bere Gaizka. Eta bi haien izerdiak behera zihoazen bitartean nire gogoetei eman nien, eta iruditu zitzaidan ordurarte egindakoa ez zela hain txarra izan. Hilobira zihoan pixkana-pixkana gizon hura, baina bere sendotasuna kontutan hartuz gero luzaro joan zitekeen ahultze hura, eta ni ez nengoen, ez eta pentsatu ere, gehiegi itxoiteko prest, ze nire izpiritua ere txikitzen zihoala nabaritu bainuen orduan. Beraz, nire eskuetan nuen gizon haren zoria, baina indarrak galduz itzaltzea baino bide azkarragoa behar nuen hura nire aurretik eta baita zurenaretik, o jainkosa!, kentzeko. Zerbait asmatu beharra nuen.

        Bigarren emakumeak osatutako trianguloak zer nolako joko exkaxa eman zidan ikusi ondoren, haien bizitzan gizon bat sartzea erabaki nuen eta amorru bizian agirikatzen nion neure buruari ea nola lehenago okurritu ez zitzaidan horixe egitea, gizonek emakumeek baino okerrago onartzen dituztela buru gaineko adarrak jakin nekielarik. Uxue gizona izan balitz ordurako gauzak erabakiago egongo liratekeela errepikatzen nion behin eta berriz nire buruari, baina nik, eta hor beharbada nire lehen okerraren zioa, Ainitzek Gaizka arbuia zezan nahi izan nuen, susmaturik gabe nire idoloaren maitasunak ekaitz guztien gainetik mantentzen zituela trinko bere erroak eta ez zegoela ez mendebalik, ez uholderik, ez suterik —eta azkenengo hau besteak baino askoz ere guttiago— berak maitatzen zuenarengandik aldenduko liokeenik. Berak maitatzen zuenarengandik! O Jauna!, ez nintzen hain zuzen neu hori. Eta Bat-batean etorri zitzaidan burura zein izan zitekeen aurrerantzean nire bi lagunen ametsak alaituko zituen gizona. Ni neu, edo zehatzago esateko munduan nire izatea hornitu zuen gorputz gizagajoa.

        Ez nuen uste hain ederra izan nintzenik hondartza goibeldu hartan uretatik ateratzen zen gizon hura ikusi nuenean. Bai, lehendik ere ibilia nintzen Ainitzerekin hasierako amets haietan baina, orduan lehiakiderik ez nuelako edo, ez nintzen nitaz hainbat ohartu. Oraingoa guztiz ezberdina zen eta aurrean nuen gizon hura ez zen txantxetakoa. Ez zen oso handia —ni ez nintzen handia izan— baina, ez dakit, bazuen halako grazia, neurri orekatuak, liraintasuna, ile joria, begi ederrak, berdeskak —nahiz eta nireak marroiak izan, baina beti nahi izan nuen begi berdeak eduki eta orain ahal nituenez bada... Itsasotik irten bezain pronto, izugarrizko jauzi eta itzulipurdiak eman zituen gizon hark, eta hankaz gora ibiltzen ikusi nuenean, nire harridurak ez zuen bukatzerik izan.

        Beharbada gorputz baten oroiminez eta beharrez aspalditik nenbilelako, txundituta ninduen nitaz hartzen nuen gizon hark eta atzeko eta aurrekoak erakuts ziezazkidan egin arazi nion, zer nolako trebetasun eta ahalmenak zituen jakin gosea nuen eta. Eta jakin bakarrik ez, gustura ere ikusi nituen, alafede, gizonaren botereak, batez ere bere zakil potroak airean astinduz zein iskilu dotoreak zituen ikusi nuenean. Arma horiekin ez zitzakeen Gañeta galdua izango erasotua izan zenean. Pozik ninduen, beraz, neure irudi oroitu hark eta estasira heltzera zihoan nire zoriona, azkenengo erakuspenez zakil puntta lurrean apoiatuz ziba edo ginbaleta bezala hura jira-biraka hasi zenean, noiz nire maite zoragarriak ireki. egin baitzituen begiak eta nire betaurrekoek jolasteko behar zituen bi kristalen bat ilundua gelditu zen. Txoroa deitu nion mila aldiz neure buruari narkisokeriatan denbora galtzeagatik. Itxaron egin beharko nuen berriz bi haien ametsaldiak aldi berean has zitezen betazalak dardaratzen. Eta behin ez baino antsiagotuago itxaron nuen bai aldi hartan eta aitortu beharrean nagozu, irakurle, gorputzen pasarteak zein ahulak diren, ze ez bainago oso ziur ea orduko antsiak lo zeuden bi haien artean ziria sartzeko nahiak sortaraziak ziren, ala neure gorputz gaztetuaren abilezia eta mirakuluak ikustekoak eraginak.

        Eta nire ekintzak plazaratzeko aukera berriz izan nuenean ez nuen denborarik galdu. Saloi batean ginen dantzan Ainitze eta biok. Jende pila zegoen bertan, denok, gu tarte, oso dotore jantzita. Halako batean, Gaizka hurbiltzen zitzaigun Ainitzeri zerbait esateko asmoz, baina honek ez zaitut ezagutzen erantzun zion eta dantzari ekiten genion gure inguruko jendea pixkana-pixkana gutxitzen zihoalarik anartean. Azkenean, gu biok, nire maitea sekulan ez baino zoragarriago eta ni, bakar bakarrik gelditzen ginen eta orduan hasitako stripteasak nola bukatu ziren ez da kontatzekoa, esatekoa izanik ordea, aurreko saioan kristal bat ilundu egin bazitzaidan honetakoan haren parea izan zela ilundua. Han zegoen Gaizka, eskuak aurpegian zituelarik, ohean eserita, Ainitzek, aldiz loari —eta ametsari— zerraldo jarraitzen zion bitartean. Gizonaren itoaldia lehenengoz eta harridura gero bere emaztearen gorputzari zerizkioten bibrazio eta egonezinak ikusi zituenean ez ziren nire kontukoa, baina harrezkero sekulan barkatuko ez niona zera zen: gure zoriona haustea bere emaztea eta ni farraren ateak zeharkatzeko ginenean, Ainitzeren gorputza astinduz, berari gure ametsak uzten zion bakardadea bigundu nahian. Eta beti bezala... bai irakurle, berak bukatu behar izan zuen nik hasi baino gehiago egin nuena, nire Pentesilea ez baitzegoen ados erdipurdika uztearekin hasitakoa. Et violatio fut felix.

        Ez zen, beraz, ondoegi burutu nire lehen saio hori, baina halaz guztiz, horretan hasitako bideari ekin nion hurrengo egunetan, ze mesfidantza zipitz bat hasi bainuen antzematen goibeldurik erratzen zuten Gaizkaren soetan, eta hala izan ez balitz ere, amets horietan bakarrik aurki nezakeen bestalde, nahiz eta iruditua bakarrik izan, hainbat eta hainbat desiratzen iruditua nuen gertakaria: nire eta Ainitzeren gorputz eta arimaz bat egitea. Eta horrela, zeruan eta lurrean, infernuan eta itsasoan, izan ohi nuen nire besoetan hartzea, gorputza sendotzen, liraintzen eta edertzen ari zitzaidan erregina amesgarri hura, eta nintzen gainera nire torturekintzetan Gaizkaren lilurak hain gogor zigortuko lituzketen Ainitze eta bion besarkadei mugatu, ez. Pixkana-pixkana Gaizka bera ere sartzen joan nintzen amets horietan eta hala, hasiera batean, bere emazteak eta nik bere aurrean egiten genituenak begiratzera mugatu egin banu bere parte hartzea, aurretixeago bere besoetatik ihes egin ondoren nola bere emaztea nireetara erortzen zen ere sufritu egin behar izan zuen eta areago, eurak biak maitasunetan zeuden bitartean nola nik, bi zartateko emanaz, kendu egiten nion gazte-gaztetandik zoratu arte maite izan zuen emakume txuri eta inbidigarria hura ere bai.

        Penagarria benetan nola ateratzen zen amesgaizto haietatik gizon hura. Zotinka esnatzen zen sarri, dardarka ez zenean, eta aurpegiaren zati arrunta ari zitzaizkion bihurtzen betazpi moreak, bere argaltasun kezkagarri eta hazkorraren zantzu naturala balira bezala. Nire ankertasuna ez zen ordea itxura penagarri haren aurrean inolaz ere damutzen, aitzitik gero eta doilorragoak ari ziren egiten nire jokoak. Hala nola amets hartan zikiratu egin nuenean bezala. Larrua jotzen ari ziren biak ni azaldu nintzenean Jupiter Tonans bat eginik. Aurreko ametsen alderantziz, honetan, Ainitze bakarrik ez Gaizka bera ere korrika etorri zen niregana bere emaztearekiko nituen preferientzien zelati. Eta orduan... bai nire irakurle maite, orduan hori egin nuen. Esnaturik bota zituen marroak egundokoak izan ziren eta Ainitzek bere besarkada xamurraz babestuz gizon erdi hura zer ari zitzaion gertatzen galdetu zionean, aspaldi hartan zituen amets txarrak zirela erantzun zion berak.

        Ai, nire amorruaren neurri ezak ekarri zizkidan ondorioak! Amets txarren asunto hura aspalditik zuten hitz egina bion artean, ze kezkaturik ikusten baitzuen Ainitzek bere senarraren beheraldia eta gerta zekiokeenari buruz galdetzen zion guztietan amets txarren erantzuna ematen baitzion hark. Egun hartan ordea ez zen konforme gelditu betiko erantzunarekin eta ea zein ziren amets haiek azaltzeko eskatu zion Gaizkari.

        Orduan jakin zituen berari tokatzen zitzaion aldetik aspalditik oso ondo zekien eta hain txarrak iruditzen ez zitzaizkion guztiak, baina senarraren ero begiradaz beldurturik ez zitzaion esatera ausartu berak ere oso ondo ezagutzen zituela ametsak besterik ez ziren amets haiek, beldur baitzen gaizki uler ziezaion eta amets haiek bidaltzen zizkioten mezuak egiak zirela pentsa zezan. Gizonarekin banatzen zituenak ixilduz, trebeki ahalegindu zen gero senarraren begiak erotzen zituzten susmoak zuritzen. Lasaitzeko —ziotsan— bera ezagutu zuenez geroztik ez zegoela beste inorentzat bere gogoeta eta bihotzean lekurik; etxera noiz helduko zai igarotzen zuela egun osoa eta honegatik edo hargatik pixka bat atzeratzen zenean, negar zorian itxaroten ziola lehiatsu. Hitzez eta ferekuz, sekulan entzun izan ez nuen maitasun agerpenik zoragarriena izan zen hura. Eta gizonaren negarra kontsolatu nahian esandakoak egia hutsa, soila, miresgarria zirela zen nire ulermenarentzat okerrena. Egi hutsa irakurle! Oi min jasanezina! zapal ezazue nire bihotza jaunok!

        Ondorengo egunetan, Ainitzek eskaintzen zizkion ardura eta aduintasuna zirela medio, sendotzen joan zen Gaizkaren adorea. Haur txikia balitz zaintzen zuen hark bere gizona eta haurren artean egin behar ez diren gauzak berez doa ez zituztela egiten. Nire gaiztakeria errukigabeak ere ez zuen ezertarako balio izan egun haietan eta Gaizkaren umetze hartaz baliatuz nire onurarako egindako saioak ez ziren aurrera atera egin. Ainitzek arbuiatu egiten zuen nire maitasuna eta aurreko egunetan ez bezala, bere sabeleko egoitzan egiten nituen bidaiak ez zuten berarengan inolako harrerarik izaten. Senarrarengan zituen ipinita nire hondamenerako jaioa izan zen itsaslore hark bere ardurapean guztiak eta ezin nuen jasan ikustea nola bera ahultzen zihoan senarra indartu heinean, nola zimeltzen ari zitzaion berari irria, senarraren begiak alaiagotu neurrian, nola aldentzen ari zinen nigandik, o maite!, bizitzarako nik sartutako hazia ahaztu eta odola xurgatzen ari zitzaizun gizon alu haren indarrak zeure bizitzaren truke sendotuz. Mardultzen joan ziren Gaizka madarikatu haren giharrak, baina halaz guztiz, eta nire eskusartzeak nola edo hala beti hanka sartze bihurtu arren, ez nuen etsi bikote hura hausteko ahaleginetan eta estrategia berriak asmatu bitartean han jarraitu nuen hiruron amets haiek argitzen biberoi garaiak bukatuko zirenen esperantzaz.

        Eta han ibili ginen, beti bezala, Ainitze eta ni loaren ilunpeetako paisaia margotuetan larrua jotzen. Egia da gauzak ez zihoazela lehen bezain ederki ze ametsei buruz Gaizkak emandako azalpenek aldendu egin baitzuten Ainitzerengandik ametsek eman ziezazkiokeen atseginen itzalak ere, eta nire maitasunak eraginik gauaren erdian esnatzen zenean ez zen lehen bezala Gaizkaren besoetara joaten nik piztutako suak itzaltzeko, baizik eta, zeharo alderantziz, zerraldo gelditzen zen begiak zabalik berriz lo hartu ahal arte, amaitzera zihoan gau hartan ohetik jaikitzen ez zenean egon gelara abiatuz nik eraikitako amets arbuiatuak berriz gerta ez zitezen. Ez nuen, beraz, gauza handirik lortuko amets haiekin, baina beste ezertarako balio ez bazuten ere, haietan lortzen nuen nik neure larritasun guztien bakea, ze behin baino baztertuago aurkiturik neure burua, lanbroetan bakarrik antzeman nezakeen, nire gorputza eta honengana makurtzen zen beste gorputz liluratua bat egin zitezen. Venus eta Apolo, Catulo eta Lesbia, Bradamante eta Reinaldo, aldakuntza guztiak izaten tiren onak, lumak eta koturnoak, armadurak eta xilabak kendu ondoren, Ainitze eta ni, ez beste inor, geure gorputzen zuritasunez agertzen ginen duetto zoragarrietan. Eta marmolezko zutabeek, lurrak, sabaiak isladatzen zituzten behin gure gorputz segailak, Racineren Phedreren bertso batzuk burura etorri zitzaizkidanean. Eta zutabe baten atzetik zetorren giza ahots baten hitzetan utzi nituen haiek behin eta berriz errepikatuak izan zitezen, tximistek eta trumoiek gure maitasunaren zoramena ziztatzen zuten bitartean. Ils s'aiment! —zioen behin eta berriz ahots hark— par quel charme ont-ils tromp mes yeux?. Comment se sont-ils vus? Depuis quand? Dans quels lieux? Eta ostotsarekin bat eginik bailetor, beste ahots bat hasi zitzaion lehenari ihardesten gero: Ils s'aimeront toujours. Eta zutabez zutabe aldarrikatua zebilelarik gure krimena, aspaldi gertatzen ez zena gertatu zen gau hartan: Gaizkak begiak ireki zituen eta lotan jarraitzen zuen emazteari begira, neuk bakarrik entzun ahal nituen hitz hauek bota zituen lozorroak ematen digun basakeri koipetsuarekin: Urdanda madarikatua! . Oi, zoramena! Ainitzeren arretak lurperatu egin zituen susmoak hor non zeuden berriz azalean eta loretsu. Orduan ezagutu nuen nik poza zer den! Nire ahalegin eta ardurak ez zihoazen bide okerretatik. Ez!

        Eta susmoak ziurtasunari joan zitzaizkion lekua uzten pixkana-pixkana. Ziurtasunak ez du ezer ikusi beharrik egiarekin. Diruarekin egoten da maiz lotuta, eta boterearekin ere hala izaten dela esan ohi da —ez boterean egotearekin, hura edukitzearekin bazik, oso ezberdinak baitira izatea eta iruditzea—. Neuk, aurreko bi lekutze horiei beste bat gehituko nieke: guraria. Gura trinkoek, jakina denez, beren antzera moldatua ikusten dute errealitatea eta nahiago izaten dute berau haustea beren iritziak aldatuak ikustea baino. Dirua eta boterea bezala aritzen da, beraz, guraria, baina bi horiek lortzeko zailak badira, hirugarren hau edukitzea ez da hain zaila izaten. Aski ohi da poza lortu nahi izatearekin edo... bai irakurle, oinazeak ahaztu nahi izatearekin. Airea izanik airean gabiltzanok —eta barka nire ausartia irakurle, bainan airea zuk uste baino gauza konplexuagoa da—, airean ezkutatzen garenok bada, asko dakigu gauza hauetaz eta jakin ahala esan dezaket, bizi zituen oinazeak ziurtasuna eman ziotela Gaizkari. Nire gorputz amestuaz osatutako trianguloak, aspaldi itxaron nituen ondorioak ari zituen beraz izaten bada hirukote sentimentalak beti izan dira bikoiztuak nahi izan diren maitasun guztien hilobiak. Menage à trois bizi atzetik dabiltzanak Himalaia lortu nahian dabiltza. Badakit, bai, Himalaiaren gailurra oinkatzea beti izan dela erakargarria, baina odol izoztua ez da inolaz ere atsegina eta Gaizka izoztua baino pozoitua zuen burua irakiten jartzen zion odola.

        Eta hala, gorrotoa hasi zioen hartzen Gaizkak Ainitzeri bere mingostasun eta bihozminak nolabait estaltzeko, eta gorroto hark ziurtasuna joan zion ematen. Bitartean, ohi zuten bideei zerraizkien nire ametsek, baina ez ziren jada lehen bezala, Gaizkaren gorputza ahultzeko gauza izaten. Aldiz, gero eta mardulagoa ikusten zen berau eta nik eskua sartu aurretik zuen prestaera eta gotortasunera itzuli zela esaten ausartuko nintzateke. Ainitzerekin zituen harremanak ez ziren ordea lehen bideetara itzuli. Nire maite liluratu, bainan halaz guztiz gero eta maiteagoa nuenak, beraren aurka gaueko ilunpetan gizon hark botatzen zituen biraoen jakinen gainean ez izanik, sendatutzat ematen zuen bere senarra. Honen ahulezia eta jan ezak amaituak ikusten zituen eta ordurarte eskatu zizkion gabetasunak ez zirela aurrerantzean beharrezkoak izango eta batez ere haren gorputz biluziaren gartsutasuna eta indarra igarri zituenean, berpiztuz joan zitzaion Gaizkarenganako zuen lera, eta zaila egiten zitzaion lotzea hazi eta hazi barruan zabaltzen zihoakion sutea. Amuruski hurbiltzen zitzaion gizonari ahal zuen guztietan, bainan honen aurpegiak indiferentzia ikustarazten zuen amorrua ez zenean, eta mazapan bigunak bihurtzen zitzaizkion eskuak hauen artean Ainitzek bereak sartzen zituenean. Gorputza bera ere hoztu egiten zitzaion emaztearenaren beroa gainean sentitu bezain pronto. Eta ordurarte sekulan ez gertatutakoa suertatzen zen sarri han: Itoak gelditzen zirela Ainitzeren eskuak Gaizkaren bizkarrean, etxeko ateak itxita aurkitu dituzten bi uso malenkoniatsuen antzo, eta loak eraginda gizonaren bular ezkutua gora eta behera hasten zenean, bakardadera egiten zutela hegan uso haiek, bizkarretik behera hegalak astinduz izaren txuriarekin nahasten ziren arte.

        Ez nintzen, halaz guztiz, Gaizkaren aiherrak Ainitzeri uzten zioen bakardade hartaz probetxatu. Garbi nekusan aurki zegoela haien harremanetan eztanda eta nahiz eta orain ezagutu nuenean adinako aukera izan nire maitearen izterretan sartzeko, gauzak beren bidetik joan zitezen uztea hobe nuela erabaki nuen. Eta bai ondo erabaki jaunok!, eta hobe bai, pentsatu nuen bezala, amaiera arte ekin egin banio nire itxoiteari! Baina luze eta jasanezina ari zitzaidan egiten nire bakardadea, eta nire asmoak hautsiz, Ainitzeren nirekotasuna berriz dastatu nahian, egun batean egin nuen saioak ez zuen bukaera onik izan. Arratsalde euritsu bat zen eta kaletik zetorkigun argiak berunaren islada zuen. Eztiki sartu nintzen beraren sabelean, baina nire haizeak eragindako zirraraz, negarretan hasi zen malko haiekin mina besterik egiten ez zidan emakume hura. Eta hor ez zen bukatu nire ezbeharra, ze negarrak eta plazerrak, bat eginik, zoratze bidean ipini baitzuten Ainitze eta senarraren alkandora, erretratua, zapata, bularraren kontra ixtutuz, amorruz eta minez ahoskatu zuen Gaizkaren izena, etsirik. Gerokoak izugarriak izan ziren, bada Ainitzeri bere senarraren jarrerak bihotzean gaiztotzen zihoakion zauriak, ezin izan zuen ixildu haren ahoa Gaizka etxera iritsi zenean, eta honen besoen arteko beroa alferrik bilatu nahian gizonaren erantzun eza jaso zuenean, han hasi ziren keixu, salapen eta hitz gordinak Ainitzeren etxetik alde egiteko mehatxuarekin bukatu ziren. O maitea!, nirea bakarrik izango ote zinen behin etxetik alde eginez gero? Honela izango balitz, berehalaxe ahaleginduko nintzateke zure sumin hura berriz eragiten, baina gauza hauek pentsatu heinean, nire aurrean gertatzen ari zirenak garbi adierazi zidaten zure aldegiteko mehatxu haiek hitz hustuak, beteezinak izan zirela eta nirea izatekotan etxe hartan bertan izan beharko zinatekeela. Bada negarrez hasi bai zen Gaizka zeure negarrari erantzuna emanaz eta bazirudien negar haiek airean zabaldutako dardara magikoak ezabatu egin behar zituela aurreko iluntasun eta tentsioak, ze hitzik esan gabe han joan zineten biok pixkana-pixkana eta txoratuta bezala elkarrengana hurbiltzen eta eskuak bakarrik izan baziren malkoen artean lehenbizi topatu zirenak, ahoek ez zuten gehiegi itxaron behar izan bat izateko eta hauen atzetik bularrak, izterrak, gerriak, gorputz osoak joan ziren bata bestearenganantz zeuon izpirituek ateratzen zuten soinu ulergaitza han entzun zezakeen burrunba bakarra izanik.

        Ai nire irakurle jasankor hori!, behin ere ez nukeen pentsatuko hain zaila zitekeenik benetako maitasuna buka araztea. Oldarra sartzea lortu ahal izan nuen bi maitale haien artean, baina ez nekien ondo zer norabide har zezakeen oldar hark eta gizona emakumea baino indartsuagoa zela kontuan harturik, beldur nintzen ea Ainitze aterako ez ote zen galtzaile nire baldartasun eta lerdakeria bere bizitzarekin ordainduz. Bukatu berria zen iskanbilan ikusi ahal izan nuenez, haien arteko borrokak ez ziren ez edonola itzal litezkeen txinpartak eta lehenbiziko hark ondo bukatu bazuen —eta barka nazala amorru bizian zegoen nire bihotzak hitz hauetatik —aurrerantzean gerta zitezkeenak —eta dudarik ez gertatuko zirela— beste era arras ezberdin batean buka litezke. Bizirik behar nuen jadanik nire bizitza zen emakume hura eta nire ekintzak hartzen ari ziren noraezak eta hain luzarotik bi gorputz haiek elkarrekin bat eginik ikusteak nire baitan sortarazitako oinazeek nire neurriak gogortzera bultza ninduten. Pasioak neurkaitzak izaten dira, eta nahiz eta izpiritua izan, edo horrexegatik behar bada, nire arrazoiak ezin zuen bide mugatuetan ezarri uholdea, sutea eta nerau gaindituz gero, Gaizka, Ainitze, etxea, hiria, mundua eta historia irakiten ipintzen zituen taupada bihurtu zitzaidan pasioa. Lehiatsuki saiatu ohi nintzen asmo on honetan, baina ezin nituen gehiago erriprimitu nire jelosia eta bulkadak. Uler nazazu, beraz, irakurle, errietan egin ondoren jasan ezin izan banu bi gorputz haiek maitasun jokoetan hastea. Zigortu egin behar nuen gizon hura eta nire behar hark pentsatu ahala izan zuen kunplitzea. Kupidagarria izan zen Gaizkaren oihua, baina ez nintzen damutu haren ipurmasail eta izter atzeak mila atximur baino mingarriago izan zitekeen ziztadaz zeharkatzeagatik. Nire oinazearen borondateak ekoiztu zuen ziztada hura. Lehendik banekien gauzak lekuz aldatzeko ahaldun nintzela, baina gertaera hark nik uste hain gaitasun gehiagoren jabe nintzela adierazi zidan eta nire ahalmen guztiak zein ote zitekeen ikertzea ez zitzaidala gaizki etorriko pentsatu nuen orduan. Indarra banuen, zorroztasuna ere bai. Ametsak bestalde nireak ziren, nahiz eta besteen gogoetak hala ez izan eskuetan neraman auzia aspaldi bukatua izango bainuen bestela. Suak pizteko, urak jauziarazteko, doinu eta irudiak ekoizteko gauza izango ote nintzen? Ez zuen galdera horrek gorputza hartu nire baitan noiz sukaldea sutan hasi baitzen, bainu gelako iturri guztiak uraka, bainan nire asmo, gogoeta, borondate, nahi eta sufrikario guztiak ez ziren nahikoak izan doinu edo irudi bat sortarazteko. Atera ahal izan nuen doinu bakarra aulki batek nik mugitu ondoren ateratakoa izan zen; irudi bakarra, suak ilunpetan sortutako itzalak. Hor, beraz, non ziren nire mugak. Baina Gaizkaren zurrungak hasi zirenean —antza zenez, gizagajoak azkarregi ahaztu zuen nire mendekua— poza bihurtu zitzaidan etsipena, ze kurrinkada haiek doinu eskala bat bihur zitezen lortu bainuen, eta zerriaren burrunba kantu erlatsa bilakatu zen, gaua bera bezain ederra zen melodia pausatu eta misteriotsua.

        Haurra bainintz igaro nuen gau hura nire ahalmen aurkitu berriak usatzen. Armairu kaxoiak erabil nituen lehenbizi musika egiteko eta egurraren igurtziak kontrabaxo harrazkatsu baten doinuak iruditu zitzaizkidan. Gero, iturrien jarioekin piano garden bat eratu nuen, aulkien hankak lurrean ateratzen zituzten txilioekin tronpeta. Bateria bakarrik falta zitzaidan eta sukaldeko mahai gainean zegoen plastikozko ongi-ontzi batekin lortu nuen hura. Ondorengo musikaldia bikaina izan zen eta han entzun ahal izan ziren The moon over Bourbon Street, No woman, no cry, Perfidia eta gainontzekoek giza —emakume korokaren laguntza izan zituzten batzuetan. Ez nintzen ordea guztiz ase sentitzen musikarekin bakarrik eta beronetaz eraginda edo, behar bada, begiak ere laket zitezen, inguru giro baten beharra sortu zitzaidan. Orduan jakin nuen argiak piztu eta itzaltzeko ahalmena ere banuela eta are gehiago, bonbila batek egozten zuen argiarekin ortzadarraren margo guztiak ateratzekoa ere bai. Argi gorrizka batez iluminatu nuen etxe osoa eta armairu batetik bi buruko eta bi izara hartuz dantzan ipini nituen giza irudia hartu zuten bi mamu haiek nire orkestra magikoak Blue moon jotzen zuen bitartean.

        Eta nire bikotea ez zen gau osoan esnatu. Harritzekoa zen, baina nire jokoak iraun bitartean han egon nintzen euren aldamenean bietakoren bat esnatuko balitz ziplo mozteko nire berbena liluratu hura, baina ez orduan ez ondoren egin nituen esperimentuetan ez zuten, ez batak ez besteak, ez eta begi bat ere ireki egin. Zurrungaz edo ixilik, han iraun zuten lo, bakoitza bere amets propioarekin, eta euren ametsetan sortu egin nintzenean ere ez zuten beren lo katea inolaz ere eten. Ainitzeren ametsean sartu nintzen lehenbizi eta, o inozentzia!, zelai loretsu batean irlanderaz jantzita Gaizkarekin hizketan zebilela ikusi nuen. Ez nuen pastoral hartan sartzeko asmorik eta bakean utzi nuen nire maite zoragarria bere txori, hitz xamur eta begirada zerukoien artean. Miresgarria, ordea, Gaizkak ere amets berbera zuela egiaztatzea izan zen, nik ez nuen gau hartan haien ametsetan parte hartu izan eta. Ai!, nire kalterako aritu izan nintzen lanean ordurarte eta egunez ia hautsia izan zena, hau da maitasuna, gauaz birloratzen zen nik haien artean ezarritako ohitura zela medio. Izan nuen, bai, elkarrekin banatua zuten amets hura hausteko tentaldi amorratua, baina erraz ito nuen gogo hura ezertarako ez zuela balioko pentsatuz, eta probetxugarriagoa izango zitzaidalakoan, nire ahalmenak dastatzeari ekin nion. Hasteko, eta nire indarrak neurtu nahian edo, hain soporta ezina zitzaidan gizon hura ohetik atera ondoren sabairaino igo nuen, eta banindoan zorakeriaren bat egitera, hala nola leihotik at atera eta hogei pisu beherago zegoen kalearen kontra leher zedin uztera, hau baino aberatsago eta pozgarriagoa izan zitekeen ideia etorri zitzaidanean burura. Ohean utzi nuen berriz Gaizka, eta Ainitze ohetik atera ondoren, bixitentzako aldameneko gelan zuten ohera eraman nuen airean, eta hura zabaldu ondoren bertan sartu nuen ametsak eta guztiz, ze bere gorputza burusi batez estali nuenean, han zindoazen elkarrekin batera bizitzen ari ziren paradisu amestu hartan, zumarren artean, eskutik helduta, Gaizka eta bera bidexka batetik aurrera. "Mazotoroom" esan zuten batera zuhaizti atzean eguzki laranjatu bat igotzen ari zenean, eta bigarren aldiz, izpiritu hutsa nintzenez geroztik, bihotza eta negarra sentitu nituen nire baitan.

        Harrituta gelditu zen Gaizka hurrengo goizean Ainitze bere aldamenean ez zegoela ikusi zuenean. Bera izaten zen beti estreina esnatzen, eta gaixo edo logabe egon behar zuen bere emazteak hain goiz jaikitzeko egun hartan. Han aurkituko zuelakoan, sukaldera abiatu zen amuruski, amets ederraren eraginpean baitzen oraindik, baina sukaldean ez zen inor eta bainu gelan litzatekeela pentsatuz han gelditu ziren bere pixamaren galtzak lurrean botata hain zen handia amodiorako zuen nahia eta. Bixiten gelan aurkitu zuenean azkenik, han zirauen Ainitze lo zerraldo, bere kuttunaren alboan egongo balitz bezalaxe, aurrean zuen gizonaren aurpegi kareatua ikusten ez zuelarik, amets eta amets. Bai, egia zen, bere emaztea beste norbaiten besoetan zebilen, eta noiz edo noiz, hain trinko errotua zuen liluraren txinpartek ziurtasuna lainotu egiten bazioten, oinazeak irekitzen zizkion berriz hain aspalditik susmatuak zituen infernuko ateak. Egia zen, bai, eta neuk erakutsiko nion egiaren zaporea zein mikatza zen.

        Gaizka eta Ainitzeren harremanak ez ziren harrezkero bere onera itzuli. Pozik ikusten nituen ordurarte lortutakoak, baina garbi nekien ezin nuela utzi hoztasun eta mesfidantza haiek bakarrik joan zitezen bere bidetik hondorapeneraino. Ez, ziria sartzen jarraitu beharko nuke, ze benetakoak izan diren maitasunak aurki daude beti berpiztuak izateko nahiz eta oztopo eta nahaskeria sinestezin eta izugarriak sufritu behar izan irauteko. Gaizkarengan sumatzen nuen sufrimendua, maitasun-sufrimendua zen. Ainitzerengan, berriz, ulerkaiztasunaren tragedia kanporatzen zen bere gizona besarkatu eta musukatu nahian atzera bidali egin behar zituenean bere gogo horiek. Ze, nahiz eta gertatzen ari zena garbi ulertu ez, oso ondo zeken bera zela han erruduna eta ezin izango zuela hain sakon sentitzen zuen maitasuna adierazi gaueroko ohe aldatzeek iraungo zuten bitartean. Bi otso mindu bezala, elkarrengandik ihesika zebiltzan bi gizaki haien artean maitasunaren uholdea nabaritzen zen. Are okerrago, maitasunaren ixilaren uhinak. Hunkiturik dastatzen nuen nik ikuskari hura, baina Ainitzek lo gabe igaro zuen lehen gauak, kezka larria bihurtu zidan hunkimena, gau hartan ohe aldatzerik ez bainuen izan, eta laugarren gau segitua lo gabe igaro ondoren Gaizkaren bularra negarrez musukatu zuenean, nire doilorkeriari ekiteko agindua puztu zidan etsipenak. Musu haiek ez ziren jasangarriak izan, maite, eta zure malkoek bustitako giza bular hura zotinen gora beherak astindu zutenean, orroen beharra sentitu zuen nire maitasunak, nire huskeria arinak egotzi ezin zituen marroen zoramena.

        Egunez egiten zituen Ainitzek lo kuluxkak gauak lo gabe igaro ahal izateko. Errukiturik behatzen nituen nik atseden saio haiek, baina maitasunak gaindituak izaten ziren nire gupida guztiak, eta maitale sutsu hark niregan sortarazten zuen mirespen samina, baztertua behar izaten zen jadanik krueldade hutsa bihurtua zen nire pasioa itoa gerta ez zedin. Eta nire maitearen aurpegi zurbila loaren bideetan ikusten nuenean, gizonarenganako nire amorrua erakartzen nuen gogora, honi maitatzeari bere burua hain osoki eskainia zuen emakume hark damua eta lotsa sar ez ziezazkidan munduko puntarik urrunenera alde egitera bultzatuz. Holako iluna duzu maitasuna, irakurle, eta zenbat eta etsaiago izan zeuk zuretzako nahiko zenukeen maitearen sentimendua, orduan eta sutsuago ohoratzen duzu berau, ze beste norbaitenganako dituen kemenetan ikusten baituzu bizi bizirik zeure bihotzak jaso nahi izan dituen eskaintza eta lilura. Ainitzek beste gizona maite zuen eta maitatze hartan nire gogo osoak desiratzen zuen zorabioa ikusten nuen. Emakume hura niretzat behar nuen, eta ulertuko nauzue nirea egiteko hilketaraino prest banengoen.

        Nire botereak ez ziren makalak lehen ikusi ahal izan duzuenez, eta garbi nekien nik nahi izan ahala ez zitzaidala zaila egingo gizon hura akatzea. Baina sinets nazazu irakurle errukigabe horrek, gizon bat hiltzeko erreparu gaindigaitzak nituela esaten badizut. Hala ez balitz, aspaldi izango nuen erditik kenduta gizagajo hura. Bestalde, garbi nekien halaber, zaila egingo zitzaidala elkarrengandik banatzea bi haiek legezko neurriak erabiliz, gero eta ezinezkoagoa iruditzen baitzitzaidan nik nahi izango nukeena lortzea, hau da: Gorrotoz beterik gizon hark etxetik aldegin zezan bertara sekulan gehiago ez itzultzeko. Halaz guztiz, azkenengo oportunidadea eman nion neure buruari odolik gabe lor zezan lortzekoa eta aspalditik asmatuta nuen tretaren abagadunea iritsia zela pentsatuz, berau martxan jartzea erabaki nuen.

        Arratsalde hartan, asteazkenero bezala, Ainitze kanpoan zen bere amari bixita bat egiten eta ez zen etxera izango Gaizka arraunetatik itzuli aurretik. Bakar bakarrik izango nuen, beraz, nire aurrean gizon hura, eta nire asmoak aurrera atera zitezen, oso ondo prestatu nuen nire etsaiaren gogoa aurreko gauetako amets bitxiekin. Nire maiteak lo hartzeari utzi zionez geroztik, ametsetan sartzeari ekin nion, ze gaueko ohe aldatzeak ahalezkoak ez izanik, ez bainuen beste tresnarik, hilketa ezik, haien arteko loturak hausteko, eta ezer ez egitearen aldekoa ez nintzelarik, Gaizkaren ametsak urratzea erabaki nuen neurri hura zorrotzegia izango ez zela pentsatu arren. Ohitua zegoen, beraz, Gaizka bere emaztea berriz nire besoetan ikusten eta hortaz pentsatu zuen kaletik etxera itzuli ondoren beren lo gelara sartu zenean.

        Negarrari eutsi ezinik, bihotz leherturik korritu zuen, dena begiratuz eta ukituz, beraren kalterako nik eraiki nuen eskena hiltzailea. Ohea zabaldurik zegoen eta izarak aterata eta kuzkurtuta, plazerraren jauziek uzten dituzten bezala. Neuk bakarrik dakit egin behar izan nituenak izara haiek bustitzeko eta izerditzeko, baina Gaizkaren alkandora eta kaltzetin zikinak ez ziren nire ahaleginetik kanpo izan. Han ziren baita, ohe gainean, Ainitzeren pantaloiak, eta ohe aldamenean, lurrean botata, galtzerdiak. Gelako besaulkian mordoilotuak utzi nuen Ainitzeren zenbait jantzik, basakiro osatzen zuten nik eraikitako maitasunaren antzezpen hura, eta larritasunak itsutzen zuen hura honekin gelditu zen: berak bertan parte hartu ez zuen antzezpenarekin. Ez zitzaion okurritu pentsatzea asteazkenero bezala, Ainitze arratsalde osorako bere amaren etxean egon zitekeenik, ez eta beste norbaitekin gela hartan egon izan balitz ere, arretaz txukundu egingo zituzkeela bere pasioaren aztarrenak bere senarra etxera itzuliko zenean ezertaz ohar ez zedin. Traizioaren zantzuak ez dira hain garbi erakusten eta berauek ezkutatzeko egiten diren lanak izan ohi dira beren aurpegirik garbien eta salatarienak. Baina korapilaturik zituen Gaizkak eztarria eta burua, eta bere beldurra eta susmoak isladatu ziren gela pozoitu hartan, aspalditik ohikeriaz itotzen ziharduen emaztearen traizioaren ziurtasun gardena jasotzen zuelarik pozoiak zabaltzen zituen gezurren errepikatzeetatik. Aurrean ipini nion ispiluak, bere buruan trinko barneratua zegoena erakutsi zidan eta ez nuen harrezkero ezbairik izan aurrerantzean zer egin behar nuen jakiteko. Amaiera diz-diz zebilen gizon haren aurpegiko zurbiltasunean. Oi maitea!

        Eta gizonari "zertaz ibili zara hemen"? galdetzeko keinua egin zuen nire maiteak etxera itzuli ondoren gela sakabanatua ikusi zuenean, baina ez zion ezer esan, ze kopetilun ikusi baitzuen hura eta elkarren harremanak nahiko beltz eta triste baitzihoazen aspaldi hartan orain destainetan hasteko. Minak eta ulertezintasunak koipeztu egin zuten airea arratsalde hartan eta kanporako ixiltasunak, barnerako solas amaigabe eta latzak adierazten zituen bi arima hautsi eta noraezeratu haiengan. Mutua izan zen afaria eta mutu eseri ziren biak egongelan, barruko arrangura ere, telebista ikusiz, mututu nahian. Galduak ateratzen ziren, beraz, inorentzat zentzurik ez zuten aparatu hark bidalitako hitzak, baina argi, margo eta doinuen jabe nintzelarik ezin nuen alferrik galdu —nahiz eta izugarrizko errukia sortarazi niregan, hustuak ziruditen han eseritako bi gorputz haiek—, nire helburuak lortzeko une hark eskaintzen zidan abagunea.

        Espero nuen bezala, ez zitzaidan zaila egin telebistak hartzen zituen margo eta irudiekin jolasten hastea eta hala, bi izpiritu barneratu haiek konturatze ahal ez zutelarik, teleirudiak maneiatzen eta aldatzen hasi nintzen. Hasteko, han agertzen zen mintzalariaren atzeko loreak ziplo ezabatu nituen eta pozik jarraitu nuen atzekoak aldatzen mintzalaria bera aldatzea erabaki nuen arte. Ez zaitu irakurle, mintzalariaren ordez hizketan nor ipini nuen asmatzea zaila egingo. Bai, jaunok, ni neu izan nintzen, oso dotore jantzita, nire bihotzaren torturatzaileen aurreko pantailan agertu zena. Nikaraguaz eta Hegoafrikaz mintzatu nintzen, baina nahiz eta telebistako edozein mintzalariren itxura izan, berehala ohartu ziren niri begiraka zeudenek, han, bere aurrean zuten hizlari bikain eta dotore hura aspaldiko laguna zutela.

        Hortaz lehenbizi konturatu zena Gaizka izan zen. Erdi hilik zetzan gorputza, Bat-batean berpiztu zen, eta hankak, eskuak, burua, urduritasun hutsean hasi ziren hara eta hona. Ainitze, aldiz, ez zen, o munduan aurki lezakeen oinazerik garratzena!, bere liluratik hain azkar atera, eta "ezagutzen al duzu tipo hori" galdetu behar izan zion Gaizkak, aurrean zuen gizon hura nonbait, noiz edo noiz, ikusi zuela egiaztatzeko. Eta baietz erantzun zion Gaizkari pozik honen hitza jasotzeagatik, ezaguna egiten zitzaiola hizlari hura, bainan ez zekiela noiztik edo nondik. Berak oroituko ziola gaineratu zion gogor Gaizkak, nondik ezagutzen ninduen, eta urrutira joan gabe han ibili zela arratsalde hartan berberan, bera engainatzeko larrua jotzen puta bat bezala elkarren heriotza heldu arteko maitasuna dastatzeko erosi zuten ohean.

        Zorakeriak esaten zebilela erantzun zion hildakoen aurpegiz Ainitzek, bera ez zela sekula beste inolako gizonekin ohean izan, eta bera ez beste inor maitatzea ez zitzaiola inoiz ez eta burutik pasa ere egin. Eta ezin zuela ulertu zerk eginarazi zion hori pentsatzea ari zitzaion esaten Gaizkari, baina honek ez zion bukatzen utzi eta ia nola azaltzen zuen bion gelan arratsaldean zegoen gizon usaina oihukatu zion, eta zer egiten zuen zabalik arratsaldeko zazpietan oheak, eta nork utzi zituen pantaloiak, galtzerdiak eta beste gainontzeko jantziak gelan zehar sakabanaturik. "Azal iezadazu, mesedez —gaineratu zioen amorru hutsean— zergatik joaten zinen gauero beste gelara soportatu ezin nauzulako ez bada".

        Lo egiten zituela ohealdatze haiek —erantzun zion Ainitzek negarrez— eta bere amaren etxean igaro zuela arratsalde osoa, asteazkenero ohi zuen bezala. "Berari galdetzea besterik ez duzu —gaineratu zuen—. Dei ezaiozu telefonoz garbi jakiteko egia".

        — Egia gelan zegoen —erantzun zion Gaizkak—... eta gauetan... eta ametsetan. Nola ezkutatu behar dit egia zure amak?

        — Ez dago ezer ezkutatzerik.

        — Ez, dena ageri agerian dago. Zoaz tipo horrekin hala nahi baldin baduzu.

        — Nik ez dut gizon hori ezagutzen. Ez dut sekula ikusi.

        — Ni ere ez nauzu ezagutzen hemendik aurrera.

        O poza arantzatua! Zure negarrak, maite, zure bakardadeak, zure zoratzeak, bihotza hautsiko zidaketen holako zerbait eduki izan banu une hartan, baina ez nuen ez negarrik, ez odolik. Zuri so egitea bakarrik nezakeen, eta hala gelditu nintzen zure aldamenean, txundituta, beldurtuta, poztuta, zuri so. Biok bakarrik ginen zure negarrek astintzen zuten aire loditu hartan eta gona higitu nizun zurekin nintzela jakin zenezan. Malko bat ere lehortu nizun, baina nahasdura haiek aski ez zirela ikusirik, zure negarraren doinuak maneiatuz maite zaitut bi aldiz esatea lortu ahal izan nuen. Baina zu ez zinen hortaz ere konturatu egin, eta orduan jakin nuen bakardadean bakar izango nintzela betirako zutaz maitatua izatea ezinezkoa litzatekeelarik eta are ezinagoa zu ahaztea, ze zu gabe ni ez bainintzen aurrerantzean izpiritu baten orro zartailatua izango gizaldiz gizaldi,. Hura mina beste inorena ez zinela ikustean eta, halaz guztiz, zure ninietan behin ere isladatua ez nintzela izango jakitean! Oinaze jasanezina bere gainean jasotzen zutena eternidadearen hutsune eta birak, ixiltasun eta hotzak. Eta eternidadearen mamua gainetik kendu nahian ari nintzelarik, min luze eta zorrotza sentitu nuen lekuratu ezinezko nire izatearen nonbait. Haragi mina zen eta iraun zuen bitartean etxeko argi guztiak itzaliak egon ziren. "Zer gertatu da?" entzun nizun galdezka ilunpetan eta argiak berriz piztu zirenean, zu ez zinen jadanik nire aurrean. Ez zinen, ez. O maitea!

        Eta ez zinen ez eta gau hartan Gaizkarekin oheratu. Bixiten gelara joan behar izan zenuen eta han gelditu zinen, negar eta negar, argia piztu gabe ohe gainean etzanda. Gaizkak ere ez zuen lo zipitzik egin. Jira biraka zebilen ohean, hasperenka eta hitz hautsiaz sarri ixiltasuna pitzatuz. Bazirudien, batzuetan, ukabilka ohea puskatu behar zuela, hain ziren handiak haren jotzeko amorrua eta indarra. Bestetan, berriz, ixila zenean jabe, "engainatua eduki nau" entzun ahal izaten zen gauaren iluntasun zirikatuan. Dardara ukitzen zen etxe hartan, eta hiruron artean neu nintzen ikaratuena, gorrotoa eta maitasunaren artean zabunka astindua izanik, galduta, norako jakin gabe, astakeriaren bat egiteko amildegi ertzean zintzilik. Astunak zihoazen aurrera orduak, hiruron etsipenak luzatu eta loditu egiten zituzten orduak, eta laurak jo zituenean, bostak gero, bosterdiak, begi zabalduek eta negar ixilak, aurpegi zimurtuek eta izpiritu nekatuek, garbi ematen zuten aditzera loa ez zela oraindik heldu etxe hartara eta ez zela ziur aski gau oso hartan helduko. Eta orduan zu, maite, gure arimen zurrunbiloek hausten ez zuten gauaren bakea txikituz, jaiki egin zinen ohetik eta nire bihotzean, ez bihotza baino zabalagoa zen nire osotasunean pilaturik zeuden sentimendu pitsak erre egin zenituen batzuk besteekin elkarren kontra jo eraziz, eta zure senarraren gelan sartu egin zinenean eztanda sentitu nuen nire barnean eta harrezkero egin nituenak ez baitakit ziur zertaz bultzatua egin nituen.

        Gaizka ez zen mugitu gela atean ikusi zintuenean. Elkar hobeto ikus zenezaten, argia piztu nizuen nik egindako lan guztiak lurperatu behar zenituzten milagarren aldi hartan. Gorputzak ederragoak ikusten dira argipean eta etsai nituen zuen gorputzak nahi nituen neuk ere ikusi nire maitasuna zapaldu behar zenuten heinean. Poliki eta negarti hurbildu zinen Gaizkarenganantz eta ahoa zabaltzera zindoazen, hark aurrekoa hartuz, ea bere buruaz barre egiten aspertu ez zinen galdetu zizunean. Zure ondorengo negarrak, eskaerak, ferekuek, belauniko jartzeak, zin egiteak, aginduak ez zizuten ezertarako balio izan, eta hiltzera doan bildotsaren beeak entzun nituen zure ahotik hainbat maite zenuenaren aurpegian dibujatu zen oldarrak zu hiltzeko prest zegoela adierazi zidanean. Berehala lotu nuen bere gorputza goitik behera zeharkatu zion ziztadaz, baina minduta gelditu nintzen, nik zu salbatzea eskertu beharrean, oihuka eta zure gizona lagundu nahian hasi zinenean, haren aho zabaldua, begi erdi kanporatuak eta gorputz zurruna ikusi eta gero.

        Aurki izan zen berriz zure senarra aske zure ferekuei erantzuteko. Eta zure jarrera morro eta mixerablea sufritu ondoren prest nintzen neu haren suminak egin ziezazukeen edozein basakeria ez oztopatzeko. Baina zeuk espero zenituen laztanak ez zitzaizkizun iritsi eta Gaizkaren bularraren kontra zeure burua estutu zenuenean, gordinak entzun behar izan zenituen haren besoen oldarraz bere gainetik aldendua izan ondoren, zeure burua lurrean botata ikusi zenuen arte. Ezezka higitzen zenuen burua Gaizkaren hitz gordinak arbuiatuz, baina baliodun ezetzik ez dago ziurtasunaren aurka, eta zeure senarraren oroimenean ametsak eta errealitatea nahasiak zeudelarik, lehenaren beharra zuen hain mehatxagarri eta basatia susmatzen zuen bigarrena ezabatzeko. Zeu zinen, edonolako prostituta, bere bizitzaren suntsitzailea; zeu, edozein gizonen urdanda, bere maitasunaz barre egilea; zeu, inongo moral gabea, bere maitasuna haz eta erre, elikatu eta moztu eginez, zeure pelelea bihur arazi nahi zeniona. Zeure musuen atzetik beti zetorkion oinazea, bere konfiantza zuregan ipini ondoren, beti umiliazioa eta lotsa. Alde egin behar zenuen bere aldamenetik. Alde! . Eta hitz haiek ixildu nahian, itsu zegoela oihukatu zenionean, lagun bikoitzen baten gezurrei eman ziola entzuna eta zeuk ez zeniola sekula beste inorekin engainatu errepikatzen ari zenionean, belarriondoko itzela eman zizun erantzun bakartzat eta nik ez nuen, halaz guztiz, ez eta gogoeta bat ere mugitu haren besoa geldiarazteko. Maitasunaren lainoa garbitua izan ondoren, zeure beldurrak, eta beldurrak bakarrik egingo zidan deiari soilik erantzutea erabakia baineukan.

        Eta, zu jo ondoren, bazihoan gelatik kanpora Gaizka, oin batetik helduz geldiarazi egin zenuenean. Ostiko joka hasi zitzaizun orduan behin betirako bakean uzteko esanaz, eta bere oihu eta alderantziz mintzatzen ziren zureak, giza sentimenduetaz pena sentitzera behartu ninduten. Giza harremanak oinazearen antzeztokiak dira benetan, baina tragediak duen jainko handitasuna maitasunean bakarrik aurki genezake. Inbidiaz ari nintzen ikusten zuen arteko guduketa eta nire hunkimen eta mirespenak ekoizturiko negarrak ziren airean zabaltzen ari zen hezetasunaren zergatia. Blai eginda zegoen ordurako Gaizka, bere gorputzari itsatsia zinen zu joka ziharduen bitartean. Eta blai zeuden halaber zure lepo, beso, izter eta hitzak, haren ulermena eskatuz, jotzeko nahi zuen guztia, baina zu lagata ez alde egiteko dardarka oihu egiten zenionean. O maitea!, odola zerien zure ezpainei eta ni ez nintzen gauza, zu eta une hartan ia zu adina maite nuen gizon haren artean ipintzeko. Edertasuna ez da egunero ikusi ahal izaten den gauza eta nire aurrean gertatzen ari zena Ederraren distira soila zeukan. Zure gorputz bustia eta zigortua nahi hutsa zen, eta gogominaren oihua zure senarraren gorputzeko gihar hautsiak, maite zaitut, maite zaitut deiadarka, zu jotzeari gogor ekiten zion bitartean.

        Eta han gelditu zinen zu, azkenik, ormaren kontra, negarti eta arnasa hartu ezinik. Eta zure arnasa estua eta Gaizkarena, maitasun hitzak ziren, bizitzaren hondotik azkenean ateratzen ziren benetako hitzak. Eta haiek ez ziren egiak bidaltzen zizkizuen hitz bakarrak, ze aieneak, zotinak, hasperenak, maiteak, kexuak, putzak, arnasekin elkartzen baitziren zuen gorputzak mundutik at bidaltzen zituen une hartan. Zure beldurraren zai nengoen, maite, baina hura ez zen inolaz ere suertatu, eta maitatzen jarraitzen zenuen gizonaren begietan beste edonork indarkeria eta zoramena besterik ikusiko ez bazuen, zeuk, aldiz zureganatzeko azkenengo abagunea ikusten zenuen bere izerdian, larritasunean, oihuetan, ninietako txinpartetan. O ederraren ziztada krudela bi pasio elkarren aurka zuzenduak doazenean! Eta zein itzela den krueldade hori zureganako nahi izango zenukeen pasio hori zeurekin ez doala ikusterakoan. Zure eta nire maitasun lehiak ezin ziren elkartu eta zuen bion maitasunaz hunkiturik egon arren, bizirik behar zintudan, bizirik—, nire lilura, laztantasuna, gizatasuna, ase izan zitezen. Barka nazazu, maite, burututakoa egitea erabakitzeagatik. Baina Gaizka ala zu aukeratu behar zuen bizitzak eta zu gelditzea erabaki zuen azkenik.

        Ezkerrean zuen jadanik hartuta Gaizkak jantziak uzteko erabiltzen zenuten aulkitxoa. Haren beso eta zure buruaren artean ez zeuden hiru pauso llabur eta bizitzaren oihuak okertzen eta kraskaka ari ziren tarte horretan, Gaizkaren maite zaitut deiadar eroek zure begiak argiztatu egin zituenean. Neuk bakarrik entzun nitzakeen heriotzaren burrunbak, neuk bakarrik ikusi, zutaz jabeturik, nola inguratzen zihoazkizuen zeure gorputzaren itzalak. Eta bi pauso emanak zituen jadanik zure senarraren bulkadak, zure orroak suspertu egin zituenean etsirik zeuden nire zureganako ahalak. Ez! oihukatu zenuen orduan begietatik maitasuna aldendu ezinik. Ez! izan zen zure negarrak erregutu zuena nire entzumenera iristen ziren Herioren doinu irakinen blabladak ixilduz. Eta zure alde ipini nintzen Gaizkaren beso sendoa geldiaraziz. Ulertzen duzu orain zergatik suntsitu nuen zure senarraren bizitza? O ondorio penagarriak haiek zure gorrotoa besterik irabazi ez nuela ulertu nuenean!

        Gaizkaren besoa geldiarazi nuen arte, eta nire izatearen zantzuak zure aldamenean lehendik utzi arren, zu ez zinen ohartu ni zuek biokin bizi nintzenik. Gaizkaren gogortasunak bakarrik —aulkia eskutik helduta airean zuena— eman zizun aditzera zerbait arraroa ari zela gertatzen zure aurrean. Gero airean igo zen gorputz hura sabairaino eta lurraren aurka jo zezan utzi nuen erortzen. Han joan zinen zu, izuturik, lurrean zetzan gizona laguntzera, baina nire suminak ez zuen hasi baino egin, eta orroen artean, ikusi egin behar izan zenuen nola besoen artetik kentzen nizun gorputza eta hormaren aurka erajo ondoren nola berriz erortzen zen lurrera, berehala ormaren aurka erajoa izateko berriro eta hala ez dakit zenbat aldiz. Odol lohidura bat zen azkenean orma osoa eta ez zuen oraindik nire hiradurak asetzea lortu, noiz bezperan sufritutako eta harrezkero hain ezaguna egin zaidan min mugagaitz berberak bete ninduen.

        Haragi min hark alde egin eta gero, han ikusi ahal izan zintudan, belauniko, zure senarra zenaren alboan, oihuz eta izukor. Alde batetara eta bestera begiratzen zenuen, airean egon zitekeen zerbaiten erasoaren zai egongo bazina bezala, eta zure eskuetan, o nire maite gajo eta inuzentea! aulkia zenuen hartuta, edozein unetan zeure aurka joan zitekeen munstro hartaz defenditu nahi izango baitzina. Ai, nire irakurle jasankorrok, sinets nazazue esaten badizuet, nazka eman zidatela nire aurrean nituen krueldade eta basakeriak, baina are okerragoa izan zela jakitea, eternidadea arriskuan ipini arte maite nuen hura, zeu maite, beldurtu egiten zela nire presentziaz eta, han egon nintekeela ohartu ondoren, ni hiltzeko, akatzeko, suntsitzeko prestatu zela berea izandakoaren hilotza beti bezain amuruski gordez. Norenganako ez nekien errukiak, ixtutu egin ninduen ezinezko azal urratzeak sentitu arte, eta malkoen bakardadean utzi baino lehen, hau idatzi nion nire maiteari oraindik bustita zegoen ormako odolean: Ez izan nire beldur. Zeu maitatzeagatik egin dut egindakoa. Bere azken orroak itxaropen guztiak ezabatu zizkidan. Gero konortea galdu zuen.

        Oraindik etxean nintzen ezagutzen ez nuen jendea agertu zenean. Gero ospitalera eraman zuten Ainitze, artean hitzik gabe eta lelotua. Bi egun igaro nituen beraren aldamenean nolabait lagundu nahian, baina ez zitzaidan burura etortzen zer egin nezakeen hari laguntzeko. Amets ederrak eman nizkion bi egun haietan, odolez eta Gaizkaren aurpegi zanpatuaz beteak zeuden loaldiak alaituz, eta lorez, haurrez, irriz hornituz. Medikoarekin izan lezakeen harreman bat ere amets erazi nion, ziur bainekien maitasunak bakarrik sendatuko zuela maitasunak hautsitakoa, baina medikua ezkonduta zegoela jakin ondoren eta maite lezaiokeen beste gizonik ezagutzen ez nuelarik, utzi egin nioen edonolako ametsak sartzeari, ez bainuen, zuzendu nahian, nahiko oker zegoena okerrago utzi nahi. Etsi egin nuen azkenean hura laguntzeko aukerarik izatea, eta hondoa jota, bihotz minez, handik urrutira aldegitea erabaki nuen. Malko bat utzi nizuen burkoan, maite, eta zure aurpegia azkenengo aldiz begiratu ondoren, mundua inguratzeari ekin nion. Eta ikusi nituen lehen txori, zaldi, gizon eta hiriek ez zidaten burutik kendu zure oroimena. Ez eta azkenak ere. Harrezkero zenbait leku ikusi dut. Bainan ez naiz lehengoa. Gero eta lurrari lotuago sentitzen naiz eta zaila zait zortzi pisutik gora duten etxeen teilatuetara igotzea. Ainitze utzi nuenean egunean behin zoratzen ninduen haragi min hark, orduero erasotzen nau orain, eta bihotz taupadak ez naute ez gauaz ez egunez uzten. Gorpuztua izatera noa berriz eta, antza denez, ez da gehiegi falta nire birjaiotza —zenbatgarrena ote?— gerta dadin. Baina dirudienez, eta hauxe da pozten nauen gauza bakarra, ez naiz edonork zapal dezakeen landare bat izango. Animali baten bizitza aldarrikatzen naute bihotz taupadek, eta gizona, lehoia edo txakurra izatea ez zait okerrena iruditzen, nire bihotzak duen maite egarria ase bainezake horietako edozein izanik. Xinaurriek ere bihotza ote duten, horixe da neure buruari egiten diodan galdera izuti bakarra. Hain laburra deritzot hauen bizitzari! Hiru, lau, bost egun labur bizirik. Eta gero zer? Horiek ere edukiko ote dute izpiritua?, eta hala bada, hura aske gelditzen denean kantuz diharduten goren horietakoa ote da, ala gizona izatera iritsi arte, erle, tximeleta, kardantxilo, arrano, arratoi, untxi, ahuntz, zezen, lehoi eta tximinoen gorputz eta izpiritutuak hartu behar al ditu elkarren segidan? Azken eratan bada, o zein luzea egingo zaidan, maite, zu edo zure antzeko emakume bat topatzea. Baliteke, behin xinaurria izanez gero, zure irudiaz ahaztea, bainan hain lehiatsuki gordetzen dut zureganako nahia, ze ulertezina egiten baitzait, xinaurria izanik ala tigrea, posible lekidakeenik zutaz ez zizpuratzea. Zure esku xamurra mihakatuko lukeen adarbakar txuria nintzateke gustura.

        Oso gutxi falta zait, beraz, nire hegaladak bukatzeko eta horregatixe nauzue hemen, irakurleok —eta batez ere zeuk, nire irakurle gailen maiteak— nire izpiritu hutsaren sufrikarioak kontatzen. Ez dakit, eta zuri bakarrik diotsut hau maite, nire aitormen penatu hau irakurtzeko aukera izango duzun. Uso mezulari bat nahiko nintzateke orain bihurtu mundua korritzeko nire mezu hau zure eskuetan utzi arte. Gero ez lidake axola izango hantxe bertan hilda gelditzea. Ziur nago, bestalde, gainontzeko irakurleok, zeuron buruei honezkero denok galdetuko zeniekeela ea zergatik ez nintzen ni neu joan, izkribu hori guztiok maite dugun emakume horri ematera. Ai jakingo bazenute zer egoera mingarrian nagoen une hortantxe eta zein zaila egiten zaidan jadanik lekuz aldatzea! Minutu oro ziztatzen nau denok dakizuen haragi min hark eta beldur naiz ea nire historia bukatzeko astirik izango ez ote dudan. Etxe aberats batean, eta bera ohartzeke ikasle bati ostu nizkion paperetan hasitako aitormen hau, gauaz eta merkatu baten zoko batean ari naiz bukatzen. Bitartean, hamaika leku aldatu dut jasan ezinak zitzaizkidan gizonen negar, problema eta begirada odoltsuetatik ihesi nahian. Neure burua ikusten nuen beti elkarren artean hain ezberdinak ziren gorputz haietan. Hala noiz nire aurrean zegoen gazte hark txikitan oso zintzoa nintzen idazten ari zenean. Baina hori lehen kontatu dizuedala uste dut. Ez ordea beste hau, nola bakardadean ormaren aurka kolpatzen zuen bere burua emakume baten izena oihukatzen zuen gizon hark; edo nola negarretan hasten zen beste gizon hura, aurrean zuen paper zuria idatzi nahian, zuri jarraitzen zuela ikustean ahalke; edo nola txistuz betetzen zuen bere aitaren erretratua honen dogmakeriaz ahuldurik zegoen neskatxa hark; edo nola... bai jaunok, nola more ipini arte jotzen zuen bere senarrak berari lakesteko arin xamar jantzi zen emakume bat. Farrak eta une zoriontsuak ere ikusi ditut, bainan zoriona mirari bat bezala gertatzen da gizonen artean, eta etorri deneko ilunpeetara itzultzen da agudo baino korrika, eta zabalduak zeuden ezpainak zimurtuak gelditzen dira, begien finkotasunak mendeku nahiak edo amorruak adierazten dituen heinean.

        Zoko honetan aldiz, ez dut ia inor ikusten egunero hemendik igarotzen den arduraduna ezik. Halaz guztiz ez pentsa lasaian egoten naizenik. Atsekabeturik entzuten ditut nire inguruan ateratzen diren doinuak, eta beren hegalekin sabaiko kristaletan joaz saguzarrek ateratakoak ditut guztion artean okerrenak. Labezomorroak, xinaurriak, harrak eta milaka mikrobio ere hor dabiltza aurrera eta atzera nire aurrean, baina ez ditut arriskugarritzat eta ez naiz eurekin sartzen. Arratoiak, aldiz, eta badago hemen non aukera, hor dabiltza beti nire idatziak hozkatu nahian eta nekez eta gelditzen zaizkidan indar eskaxaz baliatuz, hamar hil ditut gutxienez gaur gauean bakarrik. Garbi dakit, ordea, ni gorpuztua izan ondoren, ez dituztela nire paper horiek errespetatu egingo eta euren hortzetatik salboan ipintzeko beharrean aurkitzen naiz. Arduradunaren patrikaraino iristeko gauza banintz! Berak, agian, ez lituzke irakurriko, baina... zergatik ez lagunen batek... edo emazteak... semeak? Ai, maite!, errazago ikusten ditut orri hauek arratoien urdailetan zure eskuetan baino, eta hala gertatuko balitz nire maitasunak ez zukeen behin ere bizitzarik izango, ze idazti hau zeuk irakurtzea baita hura gertutzeko gelditzen zaidan bide bakar eta azkena. Maite izan zaitut, Ainitze zoragarria, eta maite zaitut. Betirako.

        Eta zeuoi ere, beste gainontzeko irakurleok, maite zaituztet halaber. Ziur nago gehientsuenok, nire kuitak zuekin zertan doazen galdetuko zeniekeela zeuon buruei honezkero, bainan nola, zuen bitartez ez balitz, helduko litzaizkioke nire maitasun hitzak eta damuak nire maiteari ? Eskutitz baten bidez harengana iristerik izan ez dudalarik, liburu bat zen nire helburua lortzeko nuen ahalbide bakarra. Eta libururik ba ote da irakurlerik gabe? O zeuon eskuetan nire arimaren lauskidura apala duzuenok! ziur naiz hauek ondo ezagutu ondoren, borondate onekoak izango zaretela nire eta nire maitearen oinazeekin, eta zuenetakoren batek liburu honek Ainitzeren tortura handitzea besterik ez lukeela lortuko eta horrexegatik sutara bidalia izatea merezi duela erabakiko balu, errespetu osoaz entzungo nituzke bere hitzok, baina nire orri hauek Ainitzeren onerako izan direla idatziak erantzun beharko nioke gizon zentzudun eta errespetagarri horri. Izpirituen etsaigoa gizakien artean mendez mende dabilen gezurra baita, eta hark izpiritu baten eragina jaso zuenez gero, ez zela gaitz egiteko izan maitasunaz baino, eta bera maitatzeagatik hain galegile izan zitzaien izpiritu hark, berarengana hurbiltzeko ahalmen guztiak galdu egin zituela ezagutzeak ongarri izango litzaiokeela iruditzen zait. Eta kaltegarri izango balitzaio? O nire irakurle maiteok!, begira ezazue zeuon inguruan eta esaidazue ea penagarri ez zaizuen sutsu izateko zuen bizitzek duten inolako aukera eza. Zer da garrantzitsuagoa, maitasuna ala honek utz litzakeen giza hondakinak ekiditea? Zer gara, jaunok, edertasunaren mami eta bide ala hutsaren pilatze iraunkorrak? Pentsa itzazue sakon galderok eta hemen kontatzen dizuedan zenbait abarkeria eta nire ausartia barkatu ondoren, izan zaitezte edertasunaren eraikile, zeuon aurrean dituzuen orriok zeuon beharra baitute maitasuna bihur daitezen, eta behin, hain antsiagarria egin zaidan emakumearen eskuetara, zureetara maite, iritsiak izanez gero, zure errukia eta ulermena eskura ahal dezadan eta nire nekeek eta ahaleginek betirako bakea lor dezaten. Itxi dezan zure malko batek liburu hau, maite, eta zaitez betirako zoriontsu maitasunaren beso irekiak berriz lortuz.

        Eta hor bukatu behar nuen nire zoritxarren istorio hau, bainan azkenengo haragi mina, orain arteko gogorrena izan arren azkena ez izanik, eta nire aurkariaren hil ondorenak nolakoak izan ziren jakin nahian izango zaretelakoan, idazteari ekitea erabaki dut, zure kuriosidadea, irakurle, eta zure larrialdia, maite, baretzeko, hori baita zeure ondasunerako egin nezakeen gauzarik ederrena. Goaz bada egiarekin: Ez dut hura hil nuenez geroztik, Gaizkaren aztarrenik sumatu. Koru gorenetan dabil ezbairik gabe kantutan eta...

 

 

© Luis Daniel Izpizua

 

 

"Luis Daniel Izpizua: Izuztarri" orrialde nagusia