L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Porrot aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Porrot-3 / Haur gozo horiek (1987-iraila) —Hurrengo artikulua




 

 

Hamar mandamentuak

 

Milan Kundera

 

euskaratzailea:
Koldo Etxabe

 

Milan Kunderaren «Agurra» (1)
izeneko liburutik aterata

 

Aita ez izateko hamaika arrazoi desberdin aipa nezake.

        —Bota, jakingura nago dagoeneko —esan zuen Bertlef-ek.

        —Lehenengoz amatasuna ez dut atsegina —esan zuen Jakub-ek eta gogoeta egin zuen—. Mito guztiak desmaskaratu ditu dagoeneko aro modernoak. Aspaldidanik haurtzaroa ez da inozentziaren adina. Haur-sexualitatea eriden zuen Freud-ek eta Edipo-ri buruz esan beharreko guztia esan. Yocasta-k soilik irauten du ezkutaturik eta ez da inor ausartzen haren egitea biluztera. Azken tabua eta handiena da amatasunarena, eta bere baitan ezkutatzen da baita ere madarikazio nagusiena. Ez dago amak haurrarekin duen baino lotura handiagorik. Semearen arima mutilatu egiten du betirako lotura horrek eta semearen heldutasun garaiean esistitzen diren maitasun-sufrimendu latzenetara makurtzen du ama. Amatasuna madarikazio bat dela diot nik. Eta ez nago hori ugaritzeko prest.

        —Jarraitu —esan zuen Bertlef-ek.

        —Badaude beste zenbait arrazoi amak ugaritzea nahi ez izateko —esan zuen Jakub-ek zalantzatsu—. Laket zait emakumeen gorputza eta higuindu egiten nau titi maiteak esne poltsa bihurtu beharra pentsatzeak.

        —Jarraitu —esan zuen Bertlef-ek.

        —Doktoreak baieztu eginen du seguruaski, haurdunaldia etenda ospitalean dauden emakumeak, erditzen dutenak baino askoz ere okerrago tratatzen dituztela mediku eta eritzainek, eta nolabaiteko mesprezua adierazten dutela haiekiko, nahiz eta beraiek ere bizitzan behin gutxienik horrelako interbentzio bat beharrezko izango duten. Dena delarik ere, edozein erreflesio mota baino sendoagoa da zeren eta Naturaren inposizioa bait da jaiotzaren kultoa. Horregatik ez da giza-ugaltzearen aldeko publizitatean inolako arrazoi razionalaren bila ibili behar. Jaio berriak ugaritzeari buruz Elizak duen moralaren bitartez Jesusen abotsa entzuten dela uste al duzu zuk?, edo Marx bera dela umeketaren propaganda estatal komunistaren bitartez hitzegiten duena? Bere lurralde txikian itota bukatuko du laister gizateriak, espeziea mantentzeko duen grina beragatik. Baina zorrizto-zorrizto dirau jaiotzaren aldeko publizitateak, eta publikoak nigar egiten du bihotz xamurtasunez bularra ematen ari den ama edo eskuketan ari den haurraren imajina ikustean. Nazka ematen dit horrek guztiak. Beste miloika gogatsuren artean, haur kotxeko baten aurrean, irrifar lerdo batez makurtu beharko nintzatekela imajinatzen dudanean hotzikara senditzen dut sorbaldan.

        —Jarraitu —esan zuen Bertlef-ek.

        —Eta jakina, seme hori jaioko litzatekeen munduaz pentsatu behar dut. Eskola jabetuko litzateke berataz berehala eta neu nire bizitzan guztian zehar alferrik bederen burrukatu ditudan gezur beraiek sartuko lizkioke buruan. Ezaxolati iraun beharko al nuke nere ondorengoa konformista lelo bat nola bihurtzen den ikusiz? Edo nire ideia berberak transmititu eta nire estutasun berberei aurre egitera beharturik dohakabe bihurtzen ikusi beharko al nuke?

        —Jarraitu —esan zuen Bertlef-ek.

        —Eta jakina nire buruaz pentsatu behar dut. Herri honetan gurasoak managaitzak direnean semeak zigortzen dituzte, eta gurasoak aldiz, managaitzak semeak direnean. Makina bat gazte egotzi izan dute bere ikaskizunetatik bere gurasoak zorigaitzak harrapatu dituelako! Eta zenbat guraso ez ote den etsipenean konformatu bere bizitza osoan txepel batzuk besterik ez izatera bakar bakarrik beren semeei kalterik ez egitearren! Norbaitek hemen askatasun apur bat mantendu nahi badu behintzat ezin du semerik izan —esan zuen Jakub-ek eta isilik geratu zen.

        —Bost arrazoi falta zaizkizu oraindik Dekalogoa osatzeko —esan zuen Bertlef-ek.

        —Azken arrazoia hain handia izanik beste bostak haina balio du —esan zuen Jakub-ek—. Gizasemearekin erabat akort zaudela adieraztea esan nahi du seme bat eukitzeak. Seme bat izaten badut zera esango banu legez da: jaio naiz, bizitza esperimentatu dut eta hain ona dela egiaztatu dudanez errepikatzea merezi du.

        —Eta zuk ez al duzu uste bizitza ona denik? —galdetu zuen Bertlef-ek.

        Zehazki hitzegiten ahalegindu zen Jakub eta kautelaz esan zuen:

        —Hauxe da dakidan gauza bakarra, ezin izanen nuekeela konbentzimendu osoz esan: gizaki bikaina da gizasemea eta errepikatu nahi dut.

        —Beti bizitzaren alde txarra ezagutu duzulako da hori— esan zuen Skreta doktoreak. Ez duzu inoiz bizitzen jakin. Esaten den bezala, zure obligantza gauza ororen erdimuinean egotea zela pentsatu izan duzu beti. Gertaera guztien erdi-erdian egon. Zein gertaera ziren horiek baina? Politika, eta bizitzaren mami eta balio gutxien duena da politika. Ibaiaren bits zikina da politika, ibaiaren benetazko bizitza ondoetan garatzen den bitartean .

 

—Badakizu gauza bat? —esan zuen Jakub-ek, maiztasunez pentsatzen dut Herodes erregeaz. Historia ezagutzen duzu. Juduen hurren erregea jaio zela jakin zuen dirudienez eta orduan jaio berri guztiak asasinatu zitzatela agindu zuen tronoa galtzeko bildurragatik. Beste era batetara imajinatzen dut Herodes, nahiz eta irudimenaren jolas bat besterik ez dela jakin. Errege jakintsua, kultoa eta oso esku-zabala izan zen Herodes nere iritziz, politikaren laborategian denbora luzez lanean aritu zen eta bizitza nahiz gizasemea zer direnez jabetu. Eta konprenitu zuen hobe zela gizonik sekula sortu ez balitz. Bestalde bere duda-mudak ez ziren hain pekatu bidezkoak, ezta ere hain zentzugabeak. Oso oker ez banago Jainkoak ere eduki zituen zenbait zalantza giza-semeaz eta bere Kreazio hori (gizasemea, alegia) deuseztatzea ere pentsatu zuen.

        —Bai —eman zuen baietza Bertlef-ek— Genesisaren seigarren kapituloan hitzegiten du Moisesek horretaz eta honela dio: «Sortu ditudan gizasemeak erauzi egingo ditut lur gainetik zeren eta damutu egin naiz sortzeaz».

        —Eta baliteke Noeri bere Untziarekin salbatu eta gizateriaren historia berriro has zedin permititu izana Jehovaren biguinkeri-momentu bat besterik ez izatea. Ziur egon al gaitezke Jaungoikoa bera damuturik ez dagoela biguinkeria hartaz? Baina damuak damu jadanik ez zegoen deus egiterik. Jaungoikoak ezin du bere burua egoera parregarritan paratu bere erabakiak etengabe aldatuz. Baina eta Jaungoikoa bera jarri bazuen ideia hura Herodesen buruan? Baztertu al dezakegu posibilitate hori?

        Bertlef-ek bizkarra kuzkurtu eta ez zuen ezertxo ere esan.

        —Errege zer Herodes. Ez zuen bere erantzunkizuna bakarrik bizkar-gaineratzen. Ezin zezakeen nik bezala esan: «Besteek nahi dutena egin dezatela, ni ez naiz ugalduko. Errege zen Herodes eta jakin bazekien erabakiak ez zituela bere izenean bakarrik hartu behar baizik eta besteen izenean ere bai, eta giza-semea ez zela berriro biziko erabaki zuen gizateriaren izenean. Eta horrela hasi zen haurren hilketa. Bere arrazoiak ez ziren izan tradizioak leporatzen dizkion bezain doilorrak. Azkenean mundua gizasemearen hatzaparretatik askatzeko asmo gorenenak gidaturik zegoen Herodes.

        —Dexente gogoko dut Herodesi buruz egiten duzun interpretazioa —esan zuen Bertlef-ek—. Hain dut gogoko ze hemendik aurrera haurren hilketa zure moduan imajinatuko bait dut. Baina etzazu ahaztu Herodesek gizateria desagertuko zela erabaki zuen garai berberean bere sarraskitik alde egin zuen umetxoa jaio zela Belenen. Eta gero hazi egin zen umetxoa eta bizitzeak pena merezi zezan gauza bat besterik ez zela behar esan zion jendeari: elkar maitatzea. Litekeena. da Herodes jakintsuago eta esperimentatuagoa izatea. Izan ere Jesus gaztetxo bat zen eta seguruaski ez zuen gehiegi jakingo bizitzaz. Litekeena da bere irakaspen oro bere gaztetasun eta esperientzia ezan oinarturik esplika ahal izatea. Bere sinplezian nahi baduzu. Hala eta guztiz ere egia zioen.

        —Egia? Nork frogatzen du egia zela? —galdetu zuen Jakub-ek oldakor.

        —Inork ez —esan zuen Bertlef-ek— ez zuen inork frogatu, ezta, frogatu ere. Hain maite zuen Jesusek bere aita, haren obra txarra izatea ezin bait zuen onartu. Maitasunak bultzatzen zuen eta ez arrazoiak. Horregatik bakarrik gure bihotzak erabaki dezake Bera eta Herodesen arteko borroka hori. Pena balio al du gizaseme izateak? Ez dut inolako frogarik zentzu horretan, baina baietz pentsatzen dut Jesusekin batera —gero Skreta doktorea seinalatu zuen irrifar batez—: Izan ere horrexegatik ekarri nuen nire emaztea hona medikuarengana sendatzera, nire ustez medikua Jesusen jarraitzaile sainduetarikoa bait da, zeren mirakuluak egiten badaki eta emakumeen errai lotietatik bizitza esnarazten. Edan dezagun bere osasunerako!

 

        (1) «La despedida». Tusquets editores.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.